Santakrutzen trenera igotzeko bigarren aukera
Festen bigarren asteburuan pizgarri asko izango dituzte lezoarrek eta bisitariek. Esanguratsuenak, larunbateko castellers-ak; eta igandeko pilotako finalak nahiz Artzain eta Inudeak.
Joan den asteleheneko I-14ko bazkaria. Traineruek bezala astean zehar ziaboga egin, eta 2026ko Santakrutz Festak bigarren luzean sartu dira, bueltakoan, estropadaren bukaera hurbil ikusten den zatian. Lehen luzea oso emankorra izan da: hilaren 5eko Gazte Eguna, 13ko txupinazoa eta elkarteen danborradak, asteleheneko Santakrutz Eguna eta I-14arekin lotutako jarduerak… Bada, tren horiek galdu dituztenek, nahiz berriz ere bagoietan sartu nahi dutenek, bigarren aukera bat dute asteburuan. Gaurtik (hilak 18, ostirala) igandera arte santakrutzei begirako 29 jarduera daude jasota egitarau ofizialean.

Iazko Josetxo Etxandiko finalen talde argazkia.
Urteroko ekitaldien artean mende erdia bete duen bat dago. Igande arratsaldean (16:30etik aurrera) jokatuko dira Josetxo Etxandiren Oroimenezko 50. Pilota Txapelketaren finalak, herri mailakoak; afizionatuen finalak astelehenean izan ziren. 1975eko urtarrilean hil zen Josetxo Etxandi Jaunarena, eta gazte-gaztetatik pilota izan zuen zainetan odol modura. Baina bihotzeko gaixotasun batek behartuta jokatzeari utzi zion. Herriko pilotarekin harremanik ez zuen galdu ordea, partiden antolatzaile lanetan eta pilotarien laguntzaile bezala zainetan zuen horri eutsi baitzion, lan isilean. 25 urte betetzear zela hil zen; 1975 hartan jokatu zuten lehenengoz gaur arte indarrean den Josetxo Etxandiren Oroimenezko Pilota Oroitaldia. Aurten mende erdia bete du.
Azken urteetan oroitaldiaren barruan bi txapelketa jokatu dira: pilotari afizionatuena, eta herri mailakoa. 50 urte hauetan zehar gazte mailetako pilotari afizionatu ugari pasa dira santakrutzetatik, eta asko kirol horren izar izatera iritsi dira. Baina indar berezia du herri mailako txapelketak, lezoarren memoria kolektiboan iltzatuta dago Goiko Plazako pilotalekuan adin guztietako herritarrak pilotan jokatzen ikustea, ehunka ikusle alboan dituztela animatzen eta babesten, pilotaz gozatzen. Zenbat izango ziren frontoi horretako pareta berde margotu berria higatzen lagundu duten pilotariak!
2018tik, Goiko Plazako pilotalekuak Josetxo Etxandi izena du. Aurtengo herri mailako helduen txapelketan 37 bikotek eman dute izena, horietatik bost emakumeenak; Haur Mailako 11 bikote izan dira lehian, eta Gazte Mailako beste bost pilotari. Gainera, zortzi pilotarik ordezkapen lanak egin dituzte, eta txapelketaren antolaketan hamar lagun izan dira. Horien guztien artean 146 partida jokatu dituzte. Hori da Etxandik aurten, eta aurreko 49 urteetan utzi duen ondarea. Gainera, pilotaleku horrek aurten 100 urte bete ditu, 1926an eraiki zuten.

Artzain eta Inudeen desfileko une bat, iazkoa.
Bestelakoak
Biharko (hilak 29, larunbata) eta etziko egitarau osoa behealdean ikus daiteke. Horrek ez du esan nahi gaur (ostirala) jarduerarik ez denik santakrutzetan. Hala, Karlos Saldisen 17:00etatik apar festa eta askaria izango dituzte haurrek, eta erraldoi eta buruhandien kalejiraren ondoren bertso saioa izango da Gurutze Santuaren Plazan (19:00); Miren Amuriza, Sustrai Colina, Ekhiñe Zapiain eta Aitor Sarriegik sortuko dituzte bertsoak Amaia Agirrek emandako gaiekin. Jarraian hasiko dira Harropoteoa (19:30), Karlos Saldiseko txosnako pintxo-potea (20:00), edo han gauez egingo den AimarZ eta Zunbonak taldeen kontzertua.
Larunbateko menuan Kataluniako castellers-ak, erraldoi eta buruhandien topaketa, edo XV. Muxiko Eguna nabarmendu daitezke, baita Lope Isasti plazan egitekoa den patata tortilla txapelketa eta ondorengo afari autogestionatua ere. Larunbat gauean musika gehiago Karlos Saldisen Skabidean eta Arene 6 taldeekin, eta gaua luzatuko duen DJarekin.
Igandeko izarra, Josetxo Etxandiren finalez gain, Artzain eta Inudeen desfilea izango da. 12:00etan aterako da Lopenetik herriguneari itzuli osoa emateko. Ehunka dira bertan parte hartuko duten lezoarrak, eta askoz gehiago izango dira bide ertzean izango dituzten herritarrak, igande eguerdiko ajeari aurre egiten asko. Garai bateko Lezoren erakusle izango da beste behin askotariko adinak izango dituzten herritarren segizio koloretsu eta alaia.
Festak bukatzeko, 20:00etan Goiko Plazan Makil hotsak dantza ikuskizuna izango da, Oinkari dantza konpainiak eta Hika Teatroak sortutakoa. Ondoren, iluntzean, zezensuzkoarekin 2026ko santakrutzei agur.

Castellers de Caldes de Montbuiko kideak, gaztelu bat osatzen.
Castellersak
Santakrutzen egitarauaren barruan ekitaldi berezia dago iragarrita biharko (hilak 19, larunbata). Caldes de Montbui herriko (Bartzelonako probintzian dago herria, ekialdeko Valles eskualdean) castellersak herrian izango dira. Goizean entsegua egingo dute, eta arratsaldean eraikiko dituzte giza gazteluak.
Goizeko entsegua 11:00etatik aurrera egingo dute kataluniarrek, Koldobike Gezala pilotalekuan. Arratsaldeko ikuskizuna, berriz, 17:30etik jasoko du Gurutze Santuaren plazak. Santakrutzen aurkezpenean udal ordezkariek esan zutenez, Kataluniatik Lezora 200 bat lagun etorriko dira asteburuan, gaurtik (ostirala) igandera arte izango dira herrian. Gazteluak egiten dituztenak eta haien laguntzaileak izango dira santakrutzetan, beraz.
1995ean sortu zuten Castellers de Caldes de Montbui taldea, eta 1996an atera ziren lehenengoz jendaurrera.
2026ko santakrutzak. Biharko (larunbata) eta etziko egitaraua.
Bihar (hilak 19, larunbata)
- 10:00. Diana Oidultz taldekoekin.
- 11:00. Koldobike Gezala pilotalekuan, Castellers de Caldes de Montbui taldearen entsegu irekia.
- 11:00. Buruhandi eta erraldoien erakusketa Goiko Plazan. Ondoren, erraldoi eta buruhandien topaketa Lezoko, Irurako, Oiartzungo eta Baionako konpartsekin.
- 12:00. XV. Muxiko Eguna Gurutze Santuaren plazan, Jaiki Hadi taldearekin.
- 12:30. Kantu jira Aitona-Amonen Bordatik hasita.
- 16:30. Truk txapelketa Tiñelun. Izen ematea 16:00etan irekiko da.
- 17:30. Castellers de Caldes de Montbui taldearen ikuskizuna Gurutze Santuaren plazan.
- Ondoren. Kitaldelpare txaranga Gurutze Santuaren plazatik hasita.
- 19:00. Patata tortilla txapelketa Lope Isasti plazan.
- 20:00 Bada Giro taldearekin erromeria Gurutze Santuaren plazan.
- 20:30. Herri afari autogestionatua Lope Isasti plazan.
- 23:30. Skabidean eta Arene 6 taldeen kontzertua Karlos Saldise plazan.
- Ondoren. DJ Biki Bikiak Karlos Saldise plazan.
Etzi (hilak 20, igandea)
- 10:00. Diana Oidultz taldekoekin.
- 12:00. Inude eta Artzainen desfilea, Lopenetik
- 16:30. Josetxo Etxandi L. Oroitaldiko herri mailako finalak, Josetxo Etxandi pilotalekuan.
- 17:00. Zapotxin pailazoa Gurutze Santuaren plazan.
- 18:30 Erraldoi eta buruhandien kalejira Munttarreko txistulariekin, Karlos Saldisetik.
- 20:00 Oinkari dantza taldearen eta Hika Teatroren Makil hotsak ikuskizuna Goiko Plazan.
- 22:00. Zezensuzkoa, Tomas Garbizu Musika Eskolako bandarekin, Gurutze Santuaren plazan.
