Kultur udazken goxoa Lezon
Herriko urte bukaera arteko kultur emarian klasiko asko, eta berritasunak ere badaude. Gaur aurkeztu dituzte horiek guztiak.
Aitzol Saizar Kultura zinegotzia eta Ainhoa Salaberria Kultura teknikaria, udazkeneko kultur proposamenen kartelez inguratuta. Proposamen klasiko eta berritasunekin dator Lezoko udazken kulturala. Hala jakinarazi dute gaur egindako agerraldian Aitzol Saizar Kultura zinegotziak eta Ainhoa Salaberria Kultura Teknikariak. Klasikoen artean, edo behintzat hainbat urtez indarrean direnen artean, Lezoko IV. Irakurketa Dramatizatuen Partida, Poesia Kaia, Antzerki Ametsetan, Lezoko Zinema Ttikia (haurrena eta helduena), edo Andreone liburutegiko ipuin kontaketak nahiz literatura solasaldiak, Tomas Garbizu Musika Eskolakoen emanaldiak, eta Gezalako haurrentzako nahiz helduentzako arte eszeniko saioak daude. Programazio horren barruan Gabonetako jarduerak ere sartu dira. Berritasunen artean bat nabarmena: Ipuin Pilulak (beheko koadro urdinean xehetasunak). Egitarau osoa datozen egunetan banatuko du etxez etxe udalak. Esteka hau baliatuta ere lor daiteke. Udalaren webgunean eskuragarri dago.
Saizarrek eman dio testuingurua udazkenerako udalak bahiz herriko eragileek landu duten programazioari. Bihar bertan (hilak 26, larunbata) hasiko da jardueren zerrenda luzea, Lander Zurutuzak Trumoi-hodeien pean poema liburua aurkeztuko duelako. “Askotariko proposamenak izango ditugu abendura arte. antzerkia, musika, zinema, literatura, haurrentzako jarduerak eta bestelako kultur ekimenak. Argi dugu kultura herriaren bizitzaren parte dela, herritarrek askotariko arte eszenikoez goza dezaketelako, eta herrian bertan kultura bera oso errotuta dagoelako”, nabarmendu du zinegotziak.
Herriko talde, eragile eta elkarteek urte osoan zehar egiten duten lana goretsi du Saizarrek, kultur jarduerak sortu eta horien partaide egiten dituztelako lezoarrak, Lezotik herrira begirako ikuspegiarekin. Horien artean Orratx!-en ekarpena nabarmendu du udal ordezkariak, urriaren 16tik 18ra Antzerki Ametsetan jardunaldiak antolatu dituztelako, eta horrez gain Ipuin Pilulak formazio egitasmoa abiatuko dutelako. Poesia Kaiarekin olerkigintza azaroaren 19 eta 21ean Lezora berriz ere herrira etorriko dela azaldu du, eta desioa azaldu: ekitaldiak kalean edo aretoan izan, lezoarrek denetan parte har dezatela.
Xehetasunak
Ainhoa Salaberria programazioaren xehetasunetan murgildu da. Askotariko proposamenen ideiari indarra eman dio, biharko liburu aurkezpenetik hasita, beste guztietaraino. Fokua urriaren 3ko Lezoko IV. Irakurketa Dramatizatuen Partidan jarri du, baita Antzerki Ametsetan antzerki talde amateurren topaketan ere; Salaberriak nabarmendu du jardunaldi horietarako sarrerak ezingo direla online erosi, unean-unean leihatilan baizik, emanaldi bakoitzaren prezioa 5 eurokoa, eta denak ikustekoarena (hiru emanaldi dira) 10ekoa izango delarik.
Ekintza puntualen artean, hainbat: urriaren 14 Gezalan aurkeztuko den Euskaldunon goya, Luis Goyaren omenezko ikus-entzunezkoa; urriaren 17an egitekoa den Auzoaren Arima Gozoa txokolatearen gaineko jarduera; edo urriaren 24ko Lezoko Oroimenaren Ibilbidearen aurkezpena.
Horien berri zehatzago Lezoko Udalaren webgunean jaso daiteke. Ordainpeko saioetarako sarrerak, berriz, Lezoko Udalaren Interneteko sarrera salmenta zerbitzuaren bidez lor daitezke (Antzerki Ametsetan-ekoak ez), eta bai Saizarrek zein Salaberriak oroitarazi dute Gezala Lagun txartelarekin hainbat onura eta abantaila izan ditzaketela bai prezioetan zein bestelakoetan hura eskuratzen dutenek.
Ipuin Pilulak, berritasuna
Udazkeneko kultur jardueren zerrendaren barruan bada berritasun nabarmen bat: Ipuin Pilulak. Ipuinak sortzen eta kontatzen ikasteko ikastaroa izango da, eta Orratx! Antzerki Taldearen eta Lezoko Udalaren elkarlanetik sortu da. Helduentzako izango da, izan guraso, irakasle, edo ipuingintzan trebatu nahi duen ororentzat. Ameli ipuin kontalariak gidatuko ditu saioak
Sei saioko ikastaroa izango da, denak larunbatez: urriaren 17 eta 31n; azaroaren 14 eta 28an; eta abenduaren 12 eta 19an jasoko diru Orratxe!-en Kale Nagusiko lokalak trebakuntza saioak. Bi ordukoa izango da bakoitza, 10:30etik 12:30era.
Plazek muga dute, beraz, izena eman nahi dutenek arin ibili behar dute tokia izateko. Tailerraren kostua 50 eurokoa da pertsonako, eta izena emateko 658 720 253 telefono zenbakira dei daiteke, edo Orratx!-en posta elektronikora idatzi.
