Herri oso batek erantzun du
Oiartzungo Feministen Asanbladak elkarretaratzea egin du adin txikiko bat prostituitu dutela salatzeko. Herriak irmo erantzun dio deialdiari.
Duela egun pare bat jakin zen abuztuan adin txikiko bati sexu erasoa egin ziotela Lasarte-Orian. Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen, eta ondorioztatu adin txikikoaren bi senidek diru truk sexu topaketak antolatzen zituztela harekin. Asteazken honetan bi pertsona atxilotu dituzte adin txikikoa prostituitzea leporatuta. Horietako bat oiartzuarra da.
Ertzaintzak sexu eraso baten salaketa jaso ondotik abiarazi zuen ikerketa, eta 57 urteko gizon bat atxilotu zuen gertakariekin lotuta. Delitu horren ikerketaren barruan, baina, adin txikikoa biktima nola bihurtu zen argitzeko beste lan ildo bat zabaldu zuten, eta hortik eratorrita iritsi dira bi atxiloketak, 43 urteko gizon batena eta 32 urteko emakume batena, hurrenez hurren.
Atxiloketak publiko egin eta berehala jakinarazi zuen Oiartzungo Feministak elkarretaratzea egingo zuela salaketa publikoa egiteko, eta atzo bertan izan zen hori, Doneztebe plazan. Jende andana elkartu zen bertan; ez zen gutxiagorako.
Indarkeria matxistaren “beste aurpegi bat”
Haserretik eta saminetik hitz egin zuten asanbladako kideek, gertatutakoa ezin sinetsi zirela: “Ez da eraso bakarra izan, behin baino gehiagotan errepikatutako praktika bat izan da. Ez da pertsona baten aurkako indarkeria bakarrik, emakumeen eta nesken gorputzen gaineko kontrolaren beste adierazpen bat da. Indarkeria matxisten beste aurpegi bat. Eta guk, feministok, gure babesa helarazi nahi diogu erasoa jasan duenari. Argi dugu gertatutakoak ez zuela gertatu behar, eta ez dela zure ardura. Gure jendartea botere harremanetan oinarritzen da, hau da, sistematizatuta dago botere gehiago duten pertsonek gutxiago duten horien gaineko indarkeria. Baita familiartean ere”.
Hori horrela, mikrofonoa eskuan zutela babeserako mezua luzatu zuten: “Tarte hau baliatu nahi dugu egoera zaurgarriren bat bizi izan duen edo bizi duen orori gugana etortzeko gonbita egiteko. Sareetan sinisten dugu, sareek duten babesteko gaitasun eta indarrean sinisten dugu, ahizpatasunean”.
Ildo horretatik jarraiki, nabarmendu zuten indarkeria matxistak kolore asko dituela, baina horietatik bat jarri nahi izan zuten atzo erdigunean: emakumeen sexu esplotazioa. “Neska edo emakume bat prostituitzera behartzea indarkeria da. Mehatxuen, presioaren, manipulazioaren edo indarren bidez emakume baten gorputza erabiltzea indarkeria da”, jarraitu zuten.
Arestian aipatu bezala, “haserretik eta minetik” egin zutela topaketa nabarmendu zuten plazan, baina “indartsu eta martxan gaudelako batu gara kasu hau salatzeko”. Hartara, mezua argia zen: “nazkatuta gaude”.
Nazkatuta dagoen herria
Talde feministatik, beraz, azpimarratu zuten nazkatuta daudela erasoez, bai eta gehiago sentitu eta beren botere hori erabiltzen dutelako ere. “Nazkatuta gaude familian, lagun artean, ikastetxean edota kontsultan sexu erasoak jasan beharraz. Nazkatuta, egunerokoan indarkeria jasan beharraz. Emakumeok libre izan nahi dugu eta hori oihukatzeko hartu dugu gaur plaza”.
Bestalde, noski, adin txikikoetan jarri zuten arreta, eta adierazi adin txikiko guztiek dutela duintasunez, askatasunez eta beldurrik gabe bizitzeko eskubidea, indarkeriarik gabe bizitzeko eskubidea, alegia. “Gure ardura da, herri eta herritar bezala eskubide horiek bermatzea. Ez dugu nahi neska batek bere herrian, bere etxean, bere familian beldurra sentitu behar izatea. Ez dugu nahi emakume batek bere gorputza beste baten kontrolpean dagoela sentitzea. Ez dugu nahi indarkeria ezkutatu, isilarazi edo normaltzat hartzea. Ez Oiartzunen, ez inon”.
Hargatik, “beste herri bat” nahi dutela aldarrikatu zuten: emakumeak libre bizi diren herria; neskak seguru bizi diren herria; euren gorputzaren, bizitzaren eta etorkizunaren gaineko erabakiak
askatasunez har ditzaketen herria; indarkeria ikusten dugunean isiltzen ez den herria, eta, azkenik, Oiartzun feminista bat.
Instituzioei deia
Aipatutako guztiaz gain eta egoera honi irtenbide bat bilatzeko bidean, atzoko agerraldia probestu zuten beste behin instituzioei dei egiteko. “Koka dezatela indarkeria sexista euren agendetan, izan dadila lehentasun eta har ditzatela behingoz neurriak egoera hauek errepika ez daitezen”.
Azkenik, honela amaitu zuten agerraldia: “Ageriko zein ezkutuko indarkeria guztiak salatu nahi ditugu, sistema bera arrakalatu eta denontzat lekua izango duen Oiartzun eta Euskal Herri bat nahi dugulako. Has gaitezen gaurdanik feminismoan blaitzen, botere harremanak deuseztatzen eta sistema arrakalatzen. Antolatu gaitezen, saretu. Jar dezagun autodefentsa feminista martxan eta batu gaitezen borroka feministara”.
