Ametsetako parkea, oso gertu
Martxan dira Txirrita parke berriko obrak. Azken bi urteotan herriko haurrak etorkizuneko parkea diseinatzen aritu dira, euren beharretara egokituz.
Hemendik gutxira Txirrita parkea herriko haurren gune kuttunena bilakatuko da. Izan ere, bi urteren ondoren, amestutako parkea izango dute Errenteria-Oreretako txikienek bertan. Asteartean hasi ziren parke berria eraikitzeko lanekin, eta udalaren aurreikuspenen arabera, apiriletik aurrera gozatzeko aukera izango da.
Marea Gora haur eta gazteen plan estrategikoaren barruan egin dute proiektua, eta parte hartze prozesu erraldoi baten emaitza da etorkizuneko parkea. Herriko sei ikastetxeetako ikasleak izan dira diseinatzaile nagusiak, hau da, Telleri, Orereta Ikastola, Koldo Mitxelena, Bizarain Ikastola, Cristobal Gamon eta Gurutzearen Alabak-eko haurrak. 2017an ekin zieten parkea diseinatzeko lehen parte hartze saioei, eta guztira, 2.000tik gora haurrek euren iritzia eta proposamenak eman dituzte. Hala, hiru adin tarte ezberdinetan sailkatu dituzte (0-4, 4-8 eta 8-12), eta guztien beharretara egokituko dute parkea. «Hiria bera haurrekin batera diseinatzea interesgarria iruditu zitzaigun hasieratik, eta haurren amets horiek errealitate bilakatzeko urratsak eman nahi izan ditugu», diote udaletik.
Errenteriako Udaletik azaldu dutenez, parkean bertan eta ikastetxeetan egindako bilkuretan ateratako proposamenetatik Unibertsolandia izenekoak eskuratu ditu boto gehien, hortaz, izaera hori hartuko du. Halere, behin betiko proiektuari beste proposamenetatik ideia ugari gehitu dizkiotela azaldu dute udaletik. Gainera, izaera horri egokituta, jolas edo gailu bakoitzak unibertsoarekin lotutako izenak izango du kutsu hezitzailea ere izan dezan parkeak. Hori baita udalaren asmoa, «eremu hezitzaile, inklusibo eta dibertigarria» eskaintzea herriko haurrei: «Elementu guztiak inklusiboak egin ditugu».
Tamainaz harago, itxura aldetik ere ez da ohiko parke bat izango. «Europa iparraldean aurki daitezken parkeen itxura izango du, inguruan ditugunekin alderatuta oso ezberdina izango da», azaldu du udalak. Horren adibide izan daiteke eraikitzeko erabiliko dituzten materialak. Ahalik eta naturalenak izango direla ziurtatu dute. Horregatik egurra erabiliko dute gehienbat, baina bestelako natura elementuak baliatuko dituzte ere bai, «inguru atsegina lortzea» helburu izango duen diseinuarekin.
Hiru gune nagusi
Hiru adin tarteen beharrak asetzeko bidean, espazio berriak hiru eremu izango ditu. Lehena, 0-4 urte bitarteko haurrentzako izango da. «Esperimentaziorako gunea izango da, ura, harea eta labirintoa izango ditu». Bigarrena psikomotrizitate eremua izango da, 4-8 urte bitartekoei begirakoa. Honek salto-saltoak, eskalatzeko tokiak eta aireko gailuak bilduko ditu, «gora eta behera korrika modu librean ibil daitezen». Helduenen gunean, berriz, toboganak, biltzeko guneak eta photocall-ak eraikiko dituzte. Hiru guneek ia Txirrita parke osoa hartuko dute, beheko zein goiko zati handi bat zehazki.
Lau hilabete inguruko epean eraikiko dute parke berria, eta lehenik, eremuaren urbanizazioari ekingo diote. Zementuzko kroskak kenduko dituztela argitu dute udaletik, eta ondoren, jolas elementuak jarriko dituztela. Parkea egi bihurtzeko 171.000 euro inguru inbertituko dituzte, eta obra zibilaren exekuzio lanak Landa e Imaz SA enpresak egingo ditu; ekipamendua berriz, Play Urban Design SL enpresak. Proiektua Txirrita parkearen eraberritze prozesuan «inflexio puntu bat» izango dela aitortu du udalak, bertan eraikitako Emakumeen Etxeari jarraipena emanez.
Behin parkea eraikita, apirila inguruan inaugurazio ekitaldi berezi bat egitea aurreikusi du udalak, prozesuan zehar parte hartu duten haurrekin batera. «Beraien erreakzioa ikusi nahi dugu. Ikus dezatela beraiek ere gai direla herriarentzako horrelako proiektu handiak egiteko», zehaztu dute.