Bertso bazkaria egingo dute Artaso elkartean, hilaren 25ean
Jon Maia eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolariak gonbidatu dituzte Karrikako babarrun jatera. Herriko hainbat txokotan salgai daude txartelak.
Karrikako Artaso elkarteak bertso bazkaria antolatu du hilaren 25erako. Jon Maia eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolariak gonbidatu dituzte auzoko topagunera.
Artasokoek prest dute egun horretarako menua: karta sakramentudun babarrunek eta sagardoak —txotxa egingo dute, sagardo kupeletatik— osatuko dute, ekidinezinak diren postre eta kafearekin batera. Urtarrileko azken larunbateko bazkaria 14:00etan hasiko da.
Txartelak salgai jarri dituzte, Kastro tabernan, txokolategian eta Izaro arrandegian, hogei euroren truke. Artaso elkarteak karrikarrak zein oiartzuarrak bertara joatera animatu ditu, egun ederra izango dela ziurtatu baitute. Jon Maia eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolariek, ziur, beren eskuetan dagoena jarriko dutela hori hala izan dadin.