Cafe Bar Bilbao Teatro Labur Saria, Labandibarrentzat
'Salaketa' antzezlanarekin irabazi du Bilboko topaguneak ematen duen sarien euskarazko atalean. Egoera "absurdo" bat da lanaren abiapuntua.
Salaketa antzezlanak Cafe Bar Bilbao kafetegiaren teatro laburreko saria eman dio Goiatz Labandibar oiartzuarrari. Diziplina horretan sari bat jaso duen lehenengo aldia da.
Antzezlanari izena ematen dion izapidea egoera absurdo batetik abiarazi du oiartzuarrak: “Pertsona bat salaketa bat jartzera doa igarle batek esan ziona ez delako bete. Hori da kontatu nahi nuen egoera”.
Oiartzuarrak adierazi duenez, antzezlana egiteko arrazoia praktikoa izan da gehienbat: “Egoera hori narrazio batean baino, antzerki batean errazago eta hobeto konta zitekeela konturatu nintzen”. Narraziora eramateko “saiakera antzuen” ondoren eman zion antzezlan formatua. Eta emaitza ona eman du.
Burokraziaren labirintoan
Iragarleari jarri nahi dion salaketaren egoera absurdotik abiatuta, umorez betetako gidoia idatzi du Labandibarrek, Ironia eta absurdo dosi handiak ditu, eta bakoitzaren buruari barre egiteko aukera ematen du.
Salaketa jartzera joan dena eta justizia administrazioko langilearen arteko elkarrizketa islatu du gidoian, eta salaketa jartzea bera, haren arrazoia eta dituzten jokabideak ehundu ditu idazle oiartzuarrak.
Hainbat gai kritikatzen ditu: sistema judiziala, fedeak, jendeak zertan sinisten duen edo zertan sinetsi nahi duen…
Hiru sari, epe laburrean
Labandibarrek Gabriel Aresti ipuin lehiaketako saria lortu zuen abenduan. Urrian, berriz, Pasaia Hiria poesia lehiaketako bigarren saria.
Orain dela bi urte, Cafe Bar Bilbaoren saria Oiartzunera ekarri zuen Oier Guillanek.