[Galeria eta bideoa] Erantzun handia izan du greba orokorrak Oiartzunen
Herria gelditu dute Oiartzungo grebalariek. Herria goitik behera itxita egon da, eta lantegietan ere jarraipen handia izan du grebak: %70ak egin du.
Oiartzuarrek lortu dute gaurko helburua: herria gelditzea. Sekulako erantzuna eman diote Urriaren 30eko greba deialdiari. Herriko denda guztiek ateak itxi dituzte gaur, eta industria gunean ere jarraipen handia izan du; lantegien %70ak egin du bat greba orokorrarekin, greba antolatzaileen datuen arabera.
Istilurik gabeko eguna izan da gaurkoa. Hamarka eta hamarka pikete bildu dira goiz-goizean Mamut merkatalgunean eta goiz osoan zehar bueltaka ibili dira. Esaterako, piketeen presioari esker, Ekialdebus auitobus zerbitzuko lineako 12 autobus ez ateratzea lortu dute.
Luze jo du aldarrikapen egunak. Donostiako manifestazioaren ostean, sabelak ongi bete dituzte oiartzuarrek, bazkari autogestionatuan. Arratsaldean berriz, 17:30ean zehazki, herriko manifestazioa irten da Done Eztebe plazatik. Ehunka lagunek, euripean, pentsio, lan baldintza eta bizitza duinak exijitu dituzte. Eguna biribiltzeko, askaria egingo dute pleno aretoan, egunak utzi dituen irudiak ikusteko.
Hona egunak utzi dituen irudiak: