Lezoko zuhaitzek "errespetua" merezi dutelako, elkarretaratzea
Zuhaitzen Lagunak taldeak ere kimaketen kontrako iritzia azaldu du. Bertako bi kide kimaketa oztopatzen saiatu ziren larunbatean.
Lezoko Udalak herriko hainbat platanondo (22 Euskal Herria parkean, eta lau Elias Salaberria hiribidean) kimatu nahi dituelako, kezka Lezon. EH Bildu kimaketaren kontra azaldu da, eta orain, Zuhaitzen Lagunak taldeak bere ezadostasuna agertu du. Are gehiago: ostiralerako (hilaren 7rako), elkarretaratzera deitu dituzte herritarrak, 19:30ean, udaletxe aurrean. “Aldaketa klimatikoaren aurka, zuhaitzei ere errespetua” aldarrikatu nahi dute. Udalari idatzia aurkeztua diote euren eskaerekin.
Gainera, larunbatean kimaketa horren kontrako ekintza egin zuten Elias Salaberria kaleko zuhaitzetan: goizean goiz kimaketa lanekin hasi nahi zuten, baina taldeko bi kide zuhaitzetara igo ziren, kimaketa ekidin asmoz. “Udalarekin bilera bat egitea eta konpon ezinezko kalterik ez egitea eskatu genuen”, zehaztu dute taldekideek. Ertzaintza ekintzaren tokira joan, eta ekintzaileen kontrako neurriak hartu zituzten, “udalaren itxikeria medio zigortuak izango dira”. Bi eremuetako kimaketa lanek 20.000 euroko kostua izango dutela esan dute taldeko ordezkariek.
Taldeko kideen arabera, Euskal Herria parkeko platanondoak lau metro eta erdira txikituko lirateke kimaketa lanak egiten badira, “zuhaitz hauek hesi bat osatzen dute parkea eta trafiko asko duen errepidearen artean. CO2 partikula asko xurgatzen dituzte kutsadura maila altua dagoen tokian”. Zuhaitzen Lagunek nabarmendu dute Lezoko lorezaintza eramaten duen enpresak zuhaitz horiek ez kimatzea aholkatu duela, eta Ingurumen teknikariak kimatzearen kontrako txostena izenpetu duela. Gainera, berretsi dute egun zuhaitzek ez dutela oztoporik eragiten autoen zirkulazioan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituren arduradunen hitzak aintzat hartuz.
Gaiaz hitz egiteko udalarekin bilkura eskatu arren, haietaz “paso” egin duela esan dute taldekideek. Eta alkatearen jarrera salatu dute: “Hainbeste txosten eta arrazoi tekniko kimaketa hauek ez egitea gomendatzen, eta zer dela-eta horrelako astakeria aurrera eraman nahia? Alkatekada baten aurrean gaudela esan dezakegu. Zuhaitz hauek ez dira alkatearenak, herritar guztion ondarea baizik. Mesede handia egiten digute gure bizitza kalitatea hobetuz. Gezurra dirudi emergentzia klimatikoa deklaratu ondoren, landaretzari horrelako tratu txarra ematen jarraitzea. Jarrera aldaketa bat eskatzen dugu. Txikizioak gelditu eta hitz egitea”.