Zaldibarko hondamendia argitzeko eskatu dute

Hamarnaka lagun elkartu dira Oiartzungo plazan, hondakinen "zentzuzko kudeaketa" eskatzeko. Zubietako errauste planta gelditzea exijitu dute.

oiartzun zaldibar elkarretaratzea

Hondakinen kudeaketa aldatzeko exijitu dute.

Zaldibar argitu lelopean, hamarnaka herritar elkartu dira gaur Oiartzungo plazan. Zaldibarko zabortegiko hondamendia eta haren kudeaketa salatu dute. Desagertuta jarraitzen duten bi langileen familiei elkartasuna adierazi diete.

Gogorarazi dute aurten hamabi euskal herritar hil direla, lanean ari zirela, eta Zaldibarkoek zerrenda luzatu dezaketela. “Bi langileak desagertu eta ia astebetera agertu da Iñigo Urkullu. Zer egingo lukete desagertutakoak enpresariak balira?”, galdetu dute.

Larrialdi zerbitzuetako kideek amiantoaren kontrako inolako babesik gabe lan egin izana ere salatu dute.

Hondakinen kudeaketa zentzuzkoa eskatu dute, eta horren barruan, gogorarazi dute Oiartzundik hurbil, Gaintxurizketan, badagoela zabortegi pribatu bat.

Ildo horretan, esan dute errauste planta irekitzeko frogak egiten ari direla, eta Zubieta eta Usurbilgo bizilagunak ari direla analitikak egiten. Gaineratu dute lehenengo aldia izango dela, Europa osoan, errauste planta bat baino lehenago frogak egiten direla, oraingo emaitzak eta errauste planta pizten dutenean alderatzeko.

Gainera, hilaren 29an, manifestazioa egingo dute planta horren kontra, Donostian. Easo plazatik aterako da, 17:00etan.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.