Harkaitz Canoren fakirra aztertuko du Irakurketa Taldeak
Otsaileko topaketa egingo dute gaur arratsaldean, bibliotekan. Datorren hilabeterako Xabier Montoiaren 'Golgota' irakurriko dute.
Oiartzungo Irakurketa Taldea gaur arratsaldean elkartuko da, hilabete honetan irakurri beharreko liburuaz hitz egiteko. Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa (Susa, 2018) eleberria izango dute hizpide. Saioa, ohi bezala, Manuel Lekuona bibliotekan izango da, 20:00etan hasita.
Canoren eleberri berrienaren 352 orrialdeak atzean utzita, mesanotxean haren lekukoa hartuko duen liburua zein izango den badakite Irakurketa Taldekoek: Xabier Montoiaren Golgota (Elkar, 2018).
1936ko Gerran dago kokatuta. Felisak aita eta ahizpa galduko ditu, tropa falangistek fusilatuta. Amarekin eta beste ahizpa batekin batera, jaiotetxea utzi eta Iruñera joango dira bizitzera.
Amak bizitze hutsak traiziotzat joko du, senarra ondoan hil ziotelako. Bere alabarengan kargatuko du erru hori. Horrez gain, gizarteko giroak ez dio lagunduko Gorriaren alabari.