Oiartzun eta Ezkaba gertu egongo dira asteburuan
1938an egondako ihesaldiari buruzko hitzaldia emango dute bihar arratsaldean. Giriziakoak, bere aldetik, igandean Ezkabara joango dira.
Nafarroako Ezkaba mendiaren eta hango gotorlekuan gertatutakoen berri hobeto izango dute oiartzuarrek datorren asteburuan.
Ostiral arratsean, Katin Txiki, Girizia Mendizale Elkarteak eta udalak antolatuta, hitzaldia emango du Fermin Ezkieta Ihabenek (ihesaldia asko ikertu du Ezkietak). 1938ko maiatzaren 22an, 795 presok ihes egin zuten, eta hiruk bakarrik lortu zuten Ipar Euskal Herrira iristea. Ihesaldian parte hartu zuten presoen senideak ere hitzaldian izango dira. Udaletxeko pleno aretoan izango da, 20:15ean hasita.
Iganderako, berriz, Girizia Mendizale Elkarteak txangoa antolatu du ihesaldiaren bide horren lehenengo zatia egiteko. Bost orduko ibilaldia egingo dute Berriozar eta Olabe herrien artean. Girizia Mendizale Elkarteak jakinarazi duenez, txangora joateko autobusa beteta dago.