Ekitaldi interesgarriz dator V. Kirol Astea, larunbatetik aurrera
Ostiralean hasiko da. Pou anaien filma, 'Cholitas' dokumentala, Zigor Iturrieta eta Ander Iñarraren sukaldaritza tailerra eta Kirol Saria izango dira plater nagusiak.
Datorren larunbatean hasiko da Oiartzungo V. Kirol Astea. Kirola edota jarduera fisikoa erdigunean jarriko dute udalaren Kirol Sailak eta Kirolaisik, astebetez. Horretarako ekitaldi interesgarri ugari antolatu dituzte, gizarteko talde guztiei zuzenduta. Aurten hogei ekitaldi izango dira, guztiak dohainik.
Kirol Astea antolatzeko orduan, udalaren Kirol Sailak eta Kirolaisik herriko eragile ugariren laguntza jasotzen dute. Horiei eskerrak eman dizkiete: Abaraxka ludoteka; Abittu; BPXport; Elizaldetarrak Judo Elkartea; Gazte Izanak; Girizia Mendi Taldea; Haurtzaro Atletismo Taldea; Honbu Kenpo Kai; Intxixu Trail; Labore Oarso; Mindara; Oiartzun Kirol Elkartea; OTXE; Tximeleta elkartea eta Txost.
Alain Isasari aitortza
Orain dela egun batzuk iragarri zutenez, Alain Isasa kenpo kaiko borrokalariari emango diote bosgarren Kirol Saria. Martxoaren 6an —ostirala— izango da, 19:00etan hasiko den ekitaldian.
Isasari bere emaitzak aitortu nahi dizkiote, egun munduko txapeldun baita bi modalitatetan. Horrez gain, herrian egiten duen lana ere aintzatetsi nahi dute: haurrei irakasten die Honbu elkartean.
Ohikoa izaten den bezala, mahai ingurua egingo dute Kirol Saria banatu ondoren. Isasak berak hartuko du parte, eta berarekin batera Udane Arbelaitz eta Udane Loidi sokatiralariak arituko dira. Munduko Txapelketatik dominekin itzuli berri dira Beti Gazte taldeko bi kirolari oiartzuarrak.
Egitaraua
Hilak 29, larunbata
- 16:00etan: Palako Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa (Haurtzaro Ikastolan).
- 16:00etan: Eskalada, zirku tailerra eta saskibaloiko 3×3 txapelketa (Elorsoro kiroldegian).
Martxoak 1, igandea
- 12:30ean: Futbol egokitua (Karla Lekuona futbol zelaian).
Martxoak 2, astelehena
- 16:30: Antzinako jolasak (Abaraxka ludotekan).
- 19:15: Abentura bertikalak Artikoan, Pou anaiak (udaletxeko areto nagusian).
Martxoak 3, asteartea
- 10:00etan eta 16:00etan: Tipi-tapa ibilaldia (Alkartetxetik).
- 18:00etan: Borroka erakustaldia (Madalensoron).
- 18:30ean: Cholitas dokumentala eta, Nebula eta Harria Herria film laburren emanaldia (udaletxeko areto nagusian).
Martxoak 4, asteazkena
- 16:45ean: Gimnasia erritmiko erakustaldia (Haurtzaro Ikastolan).
- 18:00etan: Mendi lasterketa haurrentzat (Haurtzaro Ikastolatik).
Martxoak 5, osteguna
- 11:00etan: Erorketa tailerra (Alkartetxean).
- 16:45ean: Hip-hop emanaldia (Elizalde Herri Eskolan).
- 18:00etan: Kirol-elikadura sukaldaritza tailerra, Zigor Iturrieta eta Ander Iñarrarekin (Labore Oarsoren egoitzan).
Martxoak 6, ostirala
- 19:00etan: Kirol Saria (Alain Isasa) eta Kirol Mahaia.
Martxoak 7, larunbata
- 09:00etan: Intxixu Traileko ibilbidea ezagutzeko saioa (Uztapide plazan).
- 09:00etan: Eskola Kirola: BTT (Txaran).
- 16:00etan: Eskola Pilota (Haurtzaro Ikastolan).
- 16:00etan: Xistera topaketa (Beheko plazan eta Madalensoron).