Pasaiako Portu Agintaritza: "Protokolo sanitarioek diotena bete dugu"
PPAk adierazpen ofiziala helarazi du, langileen batzordeak egindako salaketari erantzuteko. "Arduragabe" jokatzea egotzi diete eta "elkarlanera" deitu dituzte.
Larunbatean jakinarazi zuen Pasaiako Portu Agintaritzaren Langileen batzordeak kapitain praktiko bat COVID-19ak jota zela eta haren egoera bost egunez ezkutatu zela. Berriak langileen eta herritar askoren haserrea eragin zuen, lankideak astean zehar lanean jarraitu baitzuten, kutsatzeko arriskua areagotuz.
Larunbatean bertan erantzun zien PPAk, Felix Garciaindia presidentearen sinadura zeraman adierazpen ofizial baten bitartez. PPAk nabarmendu du uneoro “protokolo sanitarioen arabera” jokatu dutela, baina ez du gezurtatu langileen batzordeak egindako salaketa. Onartu dute Praktikoen Korporazioko zenbait langilek jardunean jarraitu dutela, “zerbitzua bermatzeko salbuespenezko neurria izan da”.
Arduragabe eta partzialki jokatzea egotzi diete langileei, “ez dugu ulertzen mezu hauen tonua ezta helburua ere”. Zailtasunen aurrean, batasuna eskatu dute “soilik elkarlanaren bitartez gaindituko dugu mehatxu hau”.
PPAk eragindako larrialdi sanitarioari aurre egiteko hartu dituzte neurrien defentsa egin du, “koronabirusaren mehatxuari egokitzeko neurriak hartu ditugu, langileen batzordeak onartu duen bezala”. Irizpideak eman dituztela ziurtatu dute, eta langileen batzordea irizpide horien berri izan dutela uneoro.
Material eskasia dagoela ere onartu dute, baina une honetan eskasia hori arazo orokorra dela “zerbitzu publiko gehienetan arazo berbera dute, ospitaletan, garraio publikoan baita polizian ere”.