Esti Iragorri: «Ez ditugu supermerkatuetan ikusi diren astakeriak bizitu»
Oarsoaldeko dendarien errealitatea ezagutzeko inkesta egin du HITZAk. Oiartzungo Uriña janari dendako langileak galdera sorta bat erantzun du.
Saltoki handi eta plataforma digitalen aurrean, nola ari zarete aurre egiten egunerokoari?
Aste hau lasaiagoa izaten ari da. Ez ditugu Alcampo eta horrelako supermerkatuetan ikusi diren astakeriak bizitu. Oso ezberdinak dira supermerkatuetan eta denda txikietan erosteko joerak. Gehienek erosketa txikiak egiten dituzte. Azken astean jende berri asko ikusi dugu dendan, orain arte gutxitan etorri direnak. Alboan Marisol denda dugu, eta bien artean beharrezkoa den guztia eskuragarri izaten saiatzen ari gara.
Ohikoa baino lan handiagoa duzue azken egunotan?
Aurreko asteburuan bereziki lan handia izan genuen, bikoitza agian. Orain arte baino lan handiagoa dugu. Etxetik gertu dauden dendetara jo dute askok, toki aproposa aurkitu dute asko mugitu gabe elikagai eta produktu berberak eskuratzeko. Gainera, azken egunotan ikusten ari gara jendea zentratzen hasi dela, lasaiago gaudela. Gainera, kutsatzeko aukera gutxiago dago etxetik gertu, osasun neurriak betetzeko herriko dendetara jotzea aproposena dela uste dut. Ahal dugun gutxien mugitu behar gara, eta erosketak egiteko ere bai. Ez da kotxerik hartu behar, eta ahal bada noski, esfortzu hori egitea beharrezkoa dela uste dut.
Denak etxean dauden bitartean, zuek lanean ari zarete. Nola ari zarete egoera bizitzen?
Pixka bat nekatuta gaude, ohikoa ez den egoera batera egokitzen aritu gara. Halere, jada ohitu gara. Sarreran bezeroentzako eskularruak ditugu eskuragarri. Hemen erabili eta hemen bertan zakarretara botatzen dituzte. Jendea oro har ongi portatzen ari dela ikusten ari gara. Gu ere berdin gabiltza. Eskuak une oro garbitzen ari gara, eta etengabeko desinfekzio lanak egiten ditugu. Ni ere eskularru eta maskararekin nabil lanean. Eta egunero denda desinfektatzen aritzen naiz.
Osasun neurriak egokitzeko beharrezko laguntza jaso duzue?
Oiartzungo Udaltzaingoak maskarak erraztu dizkigu. Haiek zehaztu dituzte neurri guztiak eta laguntza jaso dut denak bete daitezen. Dendariei laguntza eskaintzen ari dira, eta gure artean ere laguntzen ari gara. Dendarien arteko elkarlana ere beharrezkoa da horrelako egoeretan.
Etorkizuna, nola ikusten duzue?
Adituek diotenez pikoa ez da oraindik iritsi, eta zorrotzago jarriko dira. Gogorragoa izango dela dirudi, eta helduko den egoera oso beldurgarria iruditzen zait. Jende askok ezingo ditu berriz ere herriko dendak ireki. Itxi behar izan duten denden egoera oso zaila bilakatuko da, baina pixkanaka aurrera joan beharko gara. Oso iluna ikusten dugu etorkizuna, eta ea laguntzarik jasotzen dugun egoerari bira eman ahal izateko. Hotzean pentsatzen jarrita, nola egingo diogu aurre egoerari datozen hilabeteotan? Gu behintzat lanean gaude, diru iturri bat dugu hilabete hasieran. Baina lanik gabe geratu direnekin zer gertatuko da? Horrek eragin handia izango du herritarren poltsikoan eta erosteko joerak alda daitezke. Beldurgarria da etorkizuna. Nahi gabe eta konturatu gabe harrapatu gaitu egoerak, baina bitartean, tinko jarraitu behar dugu.