[Erreportajea] Etxetik gertu ere, dena eskura
Supermerkatu handietan bezalaxe, erosketak egiteko aukera berbera eskaintzen ari dira herriko dendariak koronabirusaren krisian. Bertan erosteko deia egin dute.
Ez dira herriko merkataritzaren garai onenak. Koronabirusaren krisiak sekulako eragina izan du Oarsoaldeko eta Bidasoko herritarren egunerokoan, bereziki ekonomiari dagokionean. Izan ere, ia denda guztiek euren ateak itxi behar izan dituzte azken astean, eta dirudienez, luzerako joko du konfinamenduak. Soilik beharrezkoak diren erosketak egin daitezke, eta horretarako herriko zenbait denda ere zabalik daude.
Egoera horren aurrean, supermerkatu handietara jo dute herritar askok, herriko merkataritza txikiaren kalterako. Baina, dendariek argi dute: osasun neurriak betetzeko herriko dendetara jotzea da komenigarriena, autorik hartu gabe, etxetik gertu superfizie handietan dagoen aukera berbera bermatzen ari direlako.
Azken aste luzeko egoera oso zaila izaten ari dela aitortu du Errenteria-Oreretako Errenkoalde merkatari elkarteak. Bertako kide da Josune Calvo, eta herriko merkatariak beldurtuta daudela aitortu du: «Zer gertatuko da herriko dendekin orain? Irekitzeko aukera izan duten denda askok ere itxi behar izan dute, egoera sostengaezina bilakatu delako haientzako».
Supermerkatuek eta online salmentek, gainera, haserrea eragin dute dendarien artean, egoera aprobetxatzen ari direla salatu nahi izan du Calvok. «Ez dugu oso garbi ikusten online salmenta. Beharrezkoak diren gaiak saltzea bai, baina zergatik ari dira denetik saltzen? Egun itxita dauden dendetan erosi ezin den hori eskaintzen ari dira. Ez da oso logikoa», dio, amorruz.
Zabalik jarraitzen duten denden egoera ezberdina dela aitortu du Errenkoaldeko kideak, baina bertako askoren etorkizuneko jarduna ere kolokan ikusten du. Halere, herritarrek erantzun dutela aitortu du, ez nahi bezala, baina askok supermerkatu handiei uko egin dietela dio, pozik.
Egoerak luzerako joko duela badakiten arren, ez dute amorerik emango merkatariek. «Nire esperantza da Aste Santutik bueltan berriz ere martxan jartzea, baina nork daki. Konfinamendua luzatzen badigute egoera zeharo oker daiteke. Gainera, ez dakigu jendeak zer kobratuko duen datozen hilabeteotan, ez dakigu zein baliabide izango dituen. Denean izango du eragina krisiak».
Azken egunotako egoera oso larria dela ere berretsi dute Hondarribiko dendariek. Amuitz merkatari elkarteko Sonia Hercek hala dela baieztatu du: «Orain arteko egoera zaila izan bada, oraingoa kritikoa da». Udalerri guztietan bezalaxe, denda oso gutxi aurki daitezke zabalik egunotan herrian, eta horrek sekulako kalteak ekarriko dituela azaldu du. Inolako diru iturririk gabe geratu dira ehunka herritar, eta guztiek etorkizuna ilun ikusten dutela aitortu du.
Egoera zailari bira ematen hasteko, saltoki handietara ez joateko gomendioa eman dute dendariek. «Denok dugu etxetik gertu dendaren bat, eta denak beteta daude, ez da produkturik falta. Zentzugabekeria iruditzen zait supermerkatu handietara jo behar izatea. Gainera amorrua ematen dit, supermerkatu handiak indartuta aterako baitira egoeratik. Haiek gehiago aberastu eta gu pobreago aterako gara krisi honetatik», dio Hercek.
Horregatik, herriko dendetan erostearen garrantzia nabarmendu nahi izan du, eta herritarrak animatu dituzte hurbileko dendetan erostera, hori baita haren ustez, «osasun neurririk eraginkorrena».
Izan ere, jende gutxiago elkartzen da herriko dendetan, eta orokorrean etxerako bidea motzagoa izaten da, arrisku gutxiagokoa. Eta ez dituzte soilik datozen asteotan erostera animatu. Etorkizunari begira orain arte itxita egon diren komertzio txikietara kontsumitzera joateko deialdia luzatu dute Amuitz merkatari elkartetik. «Uste dut zenbait denda bidean geldi daitezkeela, zaila izango dutela berriz ere ateak zabaltzea. Horregatik bertan erosi behar dugu, hori da gakoa», gehitu du hondarribiarrak.
Erosleak animatzeaz gain, erakundeekin ere jada harremanetan jarri direla azaldu du Hondarribiko merkatarien elkarteko kideak. Herriko dendak mantentzeko hartu beharreko neurriak zehazten hasi direla kontatu du. «Momentuz udalaren aldetik erantzun positiboa jaso dugu, dagoeneko herriko merkatariak txosten batean lanean gaude». Errenteria-Oreretan ere jada lanean hasi dira, eta datozen hilabeteei begirako zenbait kanpaina diseinatzeko bidean direla kontatu du Calvok.
Material falta
Oarsoaldeko zein Bidasoko denda askotan Eusko Jaurlaritzak ezarritako osasun neurriak betetzeko zailtasun ugari dituztela aitortu dute bi merkatari elkarteetako kideek. Gutxik dute eskuragarri beharrezko materiala, eta euren kabuz lortu behar izan dute. «Askok ez dute eskularrurik eta maskararik, oso zaila egiten ari zaie material hori guztia lortzea. Saiatzen ari gara, baina inork ez daki nora jo dezakegun»,salatu du Calvok.