Karlos Gomez: «Zerbait ikasteko balioko digu honek, akatsak berriro ez errepikatzeko»
Oarsoaldeko dendarien errealitatea ezagutzeko inkesta egin du HITZAk. Pasai Antxoko Urdin liburu dendako langileak galdera sorta bat erantzun du.
Saltoki handi eta plataforma digitalen aurrean, nola ari zarete aurre egiten egunerokoari? Azken egunotan jendea irauli egin da herriko dendariekin, baina momentuko gauza bat izango dela uste dut. Online salmentek eragina izan dute orain ere, baina betiko kontua da. Beti izan da gure arazo handiena. Baina bai sumatu dudala jende gehiago etorri dela dendara, herritarrek erantzun dute. Halere, uste dut erosotasunagatik egin dutela askok, ez kontzientziagatik.
Ohikoa baino lan handiagoa duzue azken egunotan?
Pittin bat gehiago saltzen ari naiz. Tabernariei saldu ohi izan diet prentsa, eta itxi dituztenez, gutxiago saltzen ari naiz. Halere, haurrentzako produktuen salmentak gora egin du. Jolasak, liburuak, eskolako materiala…. Jende guztia etxean dago, aspertzen ari dira eta etxe azpiko dendara jo dute askok. Eta ordutegiari dagokionean, tabernak itxi dituztenetik pixka bat beranduago irekitzen dut, eguerdira arte.
Denak etxean dauden bitartean, zuek lanean ari zarete. Nola ari zarete egoera bizitzen?
Dendariak arriskuan jartzen gara egunero, baina lanean jarraitu behar dugu. Ikusten ari naiz jendea ondo ari dela portatzen. Metro bateko distantzia mantentzen dute, eta banan-banan ilaran egoki jartzen direla. Orokorrean jendea neurriak betetzen ari da. Pazientzia handiz egiten dituzte erosketak, eta hori eskertzekoa da dendarientzat.
Osasun neurriak egokitzeko beharrezko laguntza jaso duzue?
Momentuz ez dugu laguntzarik jaso. Ez dizkigute maskararik erraztu eta gure kabuz bermatu behar ditugu neurriak. Halere, aholku guztiak kontuan hartzen ditugu egunero. Larruzko eskularruak erabiltzen ditut lanerako, eta une oro eskuak garbitzen ditut. Gero, distantzia mantentzen dela ziurtatzen dut. Egunero-egunero, gauetan etortzen naiz dendara goitik behera garbitzera, desinfekzio lanak egitera.
Etorkizuna, nola ikusten duzue?
Etorkizuna oso ilun ikusten dut, komertzio txiki guzientzat oro har. Ez dakit noiz itzuliko garen normaltasunera, baina hau ezin da luzerako mantendu. Krisi ekonomiko bat dakar birusak, hilabete bat edo bi konfinatuta egongo gara asko jota, ez dut uste asko luzatuko dutenik. Esaten dugu osasuna lehenengo gauza dela, baina politikarientzako ez da hala, ekonomia da lehentasuna beti. Beti bezala lanera itzuliko gara, eta berdin zaie zenbat hilko diren eta ekonomia nola geratuko den. Behintzat zerbait ikasteko balioko digu honek, egoera hau eta akatsak berriro errepika ez daitezen. Horregatik uste dut herriko dendek eta ostalaritzak lehentasuna izan beharko luketela, gizartea eraikitzeko balio baitute. Milaka kilometrora dauden plataforma handietan egiten ditugun erosketak birmoldatu beharko ditugu, egoerari bira ematen hasi. Kalean sozializatzen gara, eta dendak bertan daude. Solidaritate modelo berri bat planteatu beharko genuke. Kontzientziak piztu behar dira, eta auskalo egoera honek horretarako lagunduko duen. Nik jada 28 urte daramatzat denda honetan, eta badakit gizarteak nola funtzionatzen duen orokorrean. Aldaketa asko behar dira.