Bizitza oso bat marrazten
Gaztea zela murgildu zen Idoia Aizkorreta lezoarra marrazketaren unibertsoan. Ordutik hona ez du bere pasioa alde batera utzi, hura lantzen dihardu egunero.
Azkar antzeman zuen Idoia Aizkorreta lezoarrak marrazketarako eta ilustraziorako zuen talentua eta pasioa. Oso gaztea zela murgildu zen marrazketaren munduan, oso oroitzapen onak dauzka eman zituen lehen pausoez. «Txikitatik hasi nintzen margotzen. Etxean beti nituen margoak eta koloreztatzeko koadernoak. Sarritan egongelako lurrean etzaten nintzen marrazteko. Oso gustura aritzen nintzen eta denbora asko pasatzen nuen margotzen». Horretan darrai, egunero.
Gaztea zela, Errege Magoek ekarritako opari batek ikaragarri hunkitu eta markatu zuen Aizkorreta. «Erregeek koloreztatzeko liburu potolo bat oparitu zidaten. 200 orrikoa zen. Ez nuen sekula horren koaderno handirik ikusi. Niretzako izugarrizko oparia izan zen».
Aizkorretak argi ikusi zuen marraztea gustuko zuela, eta pasio horri orduak eskaintzen zizkion etxean zegoenean. Eskolan arte eta plastikako ikasgaiak zituen gogokoen, eta azkar bereizi zen horietan. Etxean eta eskolan talentua zuela esaten zioten, baina artista lezoarrak argi dauka: «Talentua landu egin behar da. Marrazten ordu asko sartu behar dira, gauzak behar bezala egiteko».
Ixiar Urkiaren ikasle
Hori dela eta, 11 urte zituela, Lezoko eskoletan antolatzen ziren haurrentzako udarako tailerretan apuntatu zen lehen marrazketa klaseak jasotzeko. Tailerrek soilik bi aste iraun zuten, baina, klaseetara joaten jarraitu nahi zuen. Horregatik, marrazketa klaseen irakaslearekin hitz egin zuen berarekin jarraitzeko. «Nire irakaslea Ixiar Urkia margolari oiartzuarra zen. Bi urtez ostiral eta larunbatetan bere etxera joaten nintzen klaseak jasotzera. Urkiak izugarri erakutsi zidan, eta hark animatu ninduen margolari izatera, talentua banuelako».
Lezoarrak argi zuen nondik bideratu nahi zituen ikasketak eta bere ogibidea. Hortaz, batxilergoa bukatu zuenean, Arte Ederrak ikasi nahi zituela erabaki zuen. Baina irakasleen zenbait aholkuk bere pentsamendua atzera bota zuten. «Irakasleek esaten zidaten Arte Ederrak egiten banituen zaila izango nuela lana aurkitzea, oso zaila baita margolari bezala bizitzea. Horrek beste zerbait bilatzera eraman ninduen, eta Diseinu Grafikoko ikasketak aukeratu nituen, marrazketarekin eta sormenarekin zerikusia dutelako».
Bost urtez Diseinu Grafikoko ikasketak egin zituen Irungo Kunsthal eskolan. Margoketako ikasgaiak zituen gustukoenak eta, hein handi batean, etxetik jarraitu zuen margolanak egiten. Garai hartan ere, enkargu bidez hasi zen lanean.
Ikasketak bukatu bezain laster, diseinatzaile grafiko bezala hamar urte eman zituen lanean. Ondoren, bere kabuz lanean bezala bost urtez aritu zen. Etxean prestatu zuen estudioa, eta diseinu grafikoko lanak eta artelanak egiten ibili zen. Ama izan eta gero, geroz eta zailagoa egiten zitzaion bere kabuz lanean aritzea: lan bila hasi zen publizitate eta diseinuzko enpresetan.
2016an Katapulta plataforman (katapulta.org) komunikazio arduradun bezala hasi zen lanean, eta egun, bertan dihardu. Plataforma honek Euskal Autonomia Erkidegoko sortzaileen lan eta proiektuak bultzatzen ditu.
Ziurgabetasun egoeran
Egun, artista asko bizi dira ziurgabetasun egoera batean, eta oso zaila egiten zaie pasioa ogibide bihurtzea. Aizkorretaren kasuan, komunikazio arduradun lana, marrazki eta ilustrazio proiektuarekin uztartzen saiatzen da, baina oraingoz Katapultan egiten duen lanean dihardu denbora gehien.
Onartu du oso zaila dela arteaz bizitzea, eta gehienek beste lan batekin uztartzen dute euren pasioa. «Zerbaitekiko pasioa baduzu, heldu behar zaio. Bada jendea arteaz bizi dena. Zoragarria da, baina oso gogorra. Gehienek beste lanbide bat dugu hilabetero diru sarrerak izateko. Saiatzen gara gure lanbideak artearekin uztartzen, baina bien arteko oreka aurkitzea zaila izaten da. Artearen mundua exijentzia handikoa da, eta ona izateko, egunero ordu asko eskaini behar dizkiozu. Eta arteaz gain, badira beste gauza garrantzitsu batzuk. Adibidez, familia, lagunak edota elkarbizitza; argi daukat gauza bati denbora gehiena eskaintzen badiozu, besteak alde batera uzten dituzula».
Hasiera batean, olioz egindako paisaiak zituen artista lezoarrak gustukoen, horiekin aritzen zen gehienbat. Orain, baina, ilustrazioak egiten dabil, animalien erretratuak, hain zuzen ere. Pertsonak ala animaliak? izeneko bilduma osatzen ari da, eta zenbait erakusketa egin ditu jada azken urteetan. Bilduma amaitzen duenean, argi dauka zer egin nahi duen: «Nire asmoa da bilduma osatzen dudanean erakusketa zabal bat egitea, erretratu original guztiekin».
Instagram-en eta Facebook-en dituen kontuetan ikus daitezke bere artelanak, eta salgai ditu, A3 eta A4 neurrian aukeran. Enkargu bidezko lanak ere egiten ditu nahi duenarentzako.