Aske utzi dute Zigor Garro
Frantziak Espainiaren esku utzi du Garro, eta azken horrek aske utzi du. Ezingo du bueltatu Hendaiara preso ohi oreretarrak, eta gaur goizean iritsi da bere herrira, Oreretara.
Kondena osoa beteta, aske gelditu da Zigor Garro oreretarra. Pasa den larunbatean amaitu zuen ezarritako zigorra, zehazki. Joan den azaroaz geroztik baldintzapeko askatasunean zegoen oreretarra pultsera telematikoarekin, eta aurretik, bi baimen eman zizkioten. Hamahiru urteko zigorra bete du Garrok. Gaur, baina, Frantziako Polizia Nazionalak Hendaian duen polizia etxetik pasa behar zuen. Frantziak Espainiaren esku utzi du Garro, eta azken horrek aske utzi du. Ezingo du bueltatu Hendaiara preso ohi oreretarrak. Gaur goizean iritsi da bere herrira, Oreretara.
Baldintzapean aske utzi zutenetik, bere familiak Hendaian duen etxean bizitzen izan da, eta Lapurdin bertan aritu da lanean.
2006an atxilotu
2006a atxilotu zuten Garro Quezac herrian (Lozere, Frantzia) Marina Bernado, eta Ekain Mendizabalekin batera. ETAko kide izatea egotzi zieten hirurei.
2017ko azaroan DPS zerrendatik atera zuen Frantziako Estatuak Garro eta beste zazpi euskal preso; bereziki zaindu beharreko presoei ezartzen dieten estatusa da DPS. Besteak beste, erredentzioak eta espetxe onurak eskuratzea zailago dute estatusa ezarria dutenek, eta eragina du presoen bizi baldintzetan. 2018ko otsailean berriz, Zokoara (Lapurdi) ekarri zuten Saint Maur (Euskal Herritik 680 kilometrora dago espetxe hori) urtarrilaren 29an zendu zen Paki Perez amari azken agurra ematera. Iazko otsailean lekualdatu zuten Mont de Marsan espetxera (Okzitania) eta joan den uztailean eta irailean lan kontuengatik espetxetik irteteko egun bateko eta hiru eguneko (hurrenez hurren) baimenak eman zizkioten.
Garro da Frantziak baldintzapekoa eman dion Hego Euskal Herriko lehenengo presoa.