Museoak datorren astean irekiko dituzte
Luberri interpretazio zentro geologikoa eta Soinuenea datorren astean irekiko dituzte. Muga eta baldintza batzuk egongo dira bisitatzeko.
Datorren asteartean —ekainak 2— Luberri Ikasgune Geologikoa eta Soinuenea-Herri Musikaren Txokoa museoak irekiko dituzte. COVID-19ak itxita mantentzera behartu ditu.
Beren jarduna, hala ere, mugatuta edo baldintza berezietan bueltatuko da. Soinuenearen kasuan, ohiko egutegi eta ordutegia izango du. Museoa bisitatzeko bi aukera egongo dira. Alde batetik, audio gidarekin. Gehienez, hamabi lagun egongo dira aldi berean museoan. Prezioa hiru eurokoa izango da.Beste aukera bisita gidatua izango da (zazpi euroko kostua izango du).
Egunean ordubeteko bi bisita izango dira (11:30ean eta 16:30ean), gehienez ere hamar laguneko taldeentzat (ordutegia, hemen). Larrialdi egoeraren aurretik bezala, 0 eta 6 urte arteko haurrentzako sarrera dohainik izango da. Erretiratu, ikasle, langabetu eta familia ugariek deskontuak izango dituztela gogorarazi dute.
Luberri
Luberri Ikasgune Geologikoa ere asteartean irekiko dute. Museoaren ohiko ordutegia izango du (kontsultatu hemen). Gehienez hamar lagun sartu ahal izango dira, aldi berean, museoan. Bisita gidatuak lau lagunekin egingo dituzte. Oiartzuarrentzako dohainik da bertan sartzea, eta gainontzekoek hiru euro ordaindu behar dituzte.
Osasun neurri bereziak ezarriko dituzte, toki publikoak egiten ari diren bezala. Bisitariek musukoa eraman beharko dute eta eskuak garbitzeko gel hidroalkoholikoa jarriko da bisitarien eskura.
Bisitak aldez aurretik erreserbatu beharko dira. Ordainketa txartelarekin ahal izango dira Soinuenean, eta esku dirutan Luberrin. Egoerak iraun bitartean indarrean egongo dira neurri horiek.