Mugikortasun astearen barruan, bizikletaren erabilerari bultzada
Mugikortasunaren astearen barruan bi ekintza antolatu ditu udalak ostiralean: Bigarren eskuko bizikleten merkatua, eta bi tailer. Zumardian izango dira denak.
Gaur hasi eta hilaren 26ra arte Europako Mugikortasun Astea egingo dute. Aurtengo kanpainaren leloa, Emisiorik gabeko mugikortasunaren alde da eta Errenteriako Udalak bat egin du Trafiko, Kirol eta Ingurumen sailak elkarlanean jarrita autoa irrazionalki erabiltzeak osasun publikoan zein ingurumenean dituen ondorio kaltegarriez sentsibilizatzeko, eta garraiobide iraunkorren erabilera sustatzeko.
Mugikortasun astea bizikleta hiri mugikortasunerako bitarteko gisa erabiltzea sustatzeko iniziatiba ezagutarazteko baliatu du udalak. Pandemiaren agertokian, bizikletaren erabilerari bultzada berri bat emateko 11 jarduera ildo garatzea proposatu du udalak. Hala, bizikletari lotutako bide azpiegitura indartzea eta babestea, udaleko lanerako eta lanean mugikortasuna, lanerako mugikortasuna udalerrian, herri barneko salgaien garraioa, eskola mugikortasuna, aisialdia eta gizarte harremanak bizikletaz, bizikletari lotutako tokiko merkataritza bultzatzea, bizikletari lotutako herritarren prestakuntza, indarrean dagoen oinezkoen eta bizikleten udal plangintza berrikustea eta garatzea, oinezkoen eta bizikleten mugikortasunari buruzko sentsibilizazio iraunkorreko ekintzak, eta bizikletentzako aparkalekuen udal sarea handitzea aurreikusi ditu.
Serigrafia eta bizikleta piezak berrerabiltzeko tailerrak
Astearen barruan, gainera, bi ekitaldi nagusi antolatu ditu udalak Gamon Zumardian: Bigarren eskuko bizikleten azoka eta mugikortasunaren gaineko bi tailer; serigrafia eta bizikletak birziklatzeko tailerra. Serigrafia tailerra jendearen segurtasuna bermatze aldera osasun larrialdiaren testuinguruan erakustaldia izango da. Serigrafia oihal gainean inprimatzeko teknika erakutsiko dute, eta ondoren, bertaratzen direnen artean poltsak banatuko dituzte. Jardueraren logotipo korporatiboa inprimatuko da.
Perimetratutako eremuan izango da tailerra, eta barrualdean ikusi nahi dutenen artean txartelak banatuko dira, segurtasun distantzia bermatuz. Nahitaezkoa da maskara erabiltzea eta sarreran hidrogelarekin eskuak garbitzea.
Bizikleta birziklatzeko tailerrean, bizikleta batetik edo haren piezetatik abiatuta, beste objektu batzuk egiten dira, piezei beste erabilera bat emanez. Erabiltzen ez diren bizikletak, piezak, egurra, torlojuak, garbigailuak, eta trapuak erabiliko dituzte, besteak beste. Tailerrak 16:00etan hasiko dira, eta bietan protokoloa ezarriko dute prebentziorako. Lanerako espazioa mugatuta egongo da eta bertara sartzen direnak, bakarrik egingo dute. Parte hartzeko txartela beharko da, tailerra eiteko ordua adierazita. Tarte bakoitzean, gainera, hamabi lagun baino ez dira sartuko esparrura, eta denbora txanda bakoitza 20 minutukoa izango da; tartean 10 minutu hartuko dituzte desinfekzio lanetarako eta mahaiak jartzeko.
Serigrafia erakusteko tailerra, 16:00etatik 17:30era izango da, eta ondoren jendearen artean banatuko diren poltsen serigrafia egingo da. 17:30etik 18:00etara, bizikletak birziklatzeko tailerra restatu eta desinfektatuko dute. 18:00etatik 20:00etara, lau parte hartze txanda antolatuko dituzte, ordu erdikoa bakoitza.
Udalak gogora ekarri du, bestalde, 2016an Oinezko eta bizikleta bidezko Mugikortasun Plana (2016-2025) onartu zuela, bizikleta eguneroko garraiobide gisa sustatzeko. Bertan jasotzen diren neurrien bidez, bizikletaren erabilera %1etik %5era handituko da, eta 13 kilometro gehiago izango ditu kilometro sareak (egun 12 kilometrokoa da).
Hemen kontsulta daiteke udalak bizikleta hiri mugikortasunerako bitarteko gisa erabiltzea bultzatzeko iniziatiba.