[Erreportajea] Sexua, alkohola eta droga, lurrun artean
Galder Perezek sortutako ‘Lurrun minez’ obra taularatuko dute igandean Oiartzungo udaletxeko pleno aretoan. Gizonezkoentzako sauna batean gertatutako drama islatuko dute, bi saiotan.
Oiartzungo udaletxeko pleno aretoak sauna baten itxura hartuko du igande honetan. Izan ere, Antzerkizaleen Elkartearen egitasmoz, Lurrun minez antzezlana taularatuko dute Gaizka Chamizo, Jon Koldo Vazquez eta Pelayo Serrano aktoreek, Olatz Gorrotxategiren gidaritzapean. Bi saio eskainiko dituzte: lehena 17:00etan da, eta bigarrena segidan, 19:00etan.
Obra honetan islatutako istorioari esker 2018an Euskarazko Gidoirik Onenaren saria eskuratu zuen Galder Perez gidoilariak. «Urtebete da estreinatu behar genuela, baina pandemiak bertan behera utzi zuen. Orain hasi berri gara birarekin, Oiartzun bigarren geltokia izango da», azaldu du.
Hiru gizon elkartuko dira sauna horretan, Gabon gau berezi batean. «Hiru mariken arteko drama bat ikusiko dute ikusleek, eta galdera eta zalantza asko planteatuko dituzte». Harremanak nolakoak diren, boterearen gainean harreman horiek nola sortzen diren eta zer nolako dependentziak eratzen diren azalduko du hirukoteak. «Gure ustezko askatasuna zein murritza den ikusiko da. Beldur pila bat plazaratzen dira, kontraesanak. Oso ezberdinak dirudite, baina konturatuko gara antzeko hutsuneak dituztela», erantsi du Perezek.
Alkohola, droga eta sexuz betetako gaua pasako dute hirurek, parranda berezia izango dela aurreratu du Perezek. «Badirudi debekatutako leku batean daudela, ia klandestinoa, eta gau sakratu batean zer ari dira hiru gizon edaten eta drogatzen? Horrekin apurtzeko ekin genion obrari, identitateak eta erlijioek askatasuna nola mugatzen duten islatzeko».
Askotariko sentsazioak
Obra drama bat dela dio gidoilariak, baina umore ukituak ere badituela. Ikusleak pleno aretotik «sentsazio askorekin» irtengo direla hitz eman du Perezek. «Pertsonaia hauen intimitatean sartuko dira, baina era berean barrura ere bidaia egingo dute. Askok euren burua islatuta ikusiko dute. Marika edo gizonezkoa ez izan arren, denek zerbait sumatuko dute».
Sarrerak bost euroan eskura daitezke, Garmendi txokolategian.