[Bideoa] Oarsoaldera etorri berriei euskarara "ongi etorri" esan diete
Euskarara gerturarazteko eta ongietorria emateko sentsibilizazio kanpaina abiarazi dute Oarsoaldeko Euskara Batzordeak eta lau udalek.
Beste herrialde batzuetatik Oarsoaldera bizitzera etorritakoei ongietorri esateko kanpaina abiarazi du Oarsoaldeko Euskara Batzordeak, eskualdeko lau udalekin batera. Era berean, euskarara gerturaraztea du helburu kanpainak.
“Kanpaina honen bidez”, azaldu du Euskara Batzordeak, “herritar berriek, nork bere errealitatetik eta zirkunstantzietatik, euskararanzko urrats bat egin dezaten bilatzen du, herriaren bizitzan behar bezala murgiltzeko eta, horrela, bide berriak irekitzeko”.
Bide berri hori laburbiltzeko Frank Smith soziolinguistaren esaldi bat hautatu dute kanpainaren dinamizatzaileek: “Hizkuntza batek bizitza osorako bide batean jartzen zaitu. Bi hizkuntzek ibilbideko ate guztiak irekitzen dizkizute“.
Euskarara nola hurbil daitekeen bakoitzak ikusi beharko duela argi utzita, hizkuntzara gerturatzeko keinuak zerrendatu dituzte: “Hitz solteak eta agurrak ikasiz, seme-alabak euskal ereduan eskolaratuz, bere saltokian euskararen presentzia bermatuz, elkarrizketa laburrak egiteko adina ikasiz, kultur eskaintzetara joanez…”.
Kanpainaren bitartez, euskara “promozio sozialerako elementu” bezala aurkezten die bizilagun berriei. “Bakoitzak bere unean uneko ahalmenetik euskara kontuan izan dezan lortu nahi dugu”, adierazi dute, eta Oarsoarrak komunitateko kide izan daitezen.
“Oarsoaldea anitza da, elkartasun osoz jokatu nahi dugu bertara etortzen diren bizilagun berriekin, elkarbizitza eta herritarren arteko ezagutza indartuz eta beti ere euskara bidelagun”, gaineratu dute.
Kanpaina irail osoan egongo da martxan, eta sare sozial, markesina zein beste hainbat bideren bitartez zabalduko dute.
Bideoan beste herrialdeetatik etorritako oarsoar batzuek beren esperientziaren berri eman dute.