Igandean bukatuko da udako igerilekuaren denboraldia
Hiru hilabetez irekita egon ondoren, igandea izango da aire zabalean bainatzeko azkeneko aukera. Ez da ikasturte bukaerako ospakizunik egingo.
Ez nau izutzen negu hurbilak, zioen Xabier Letek, baina udako igerilekuentzako ez da udazkenik izango.
Hiru hilabete inguru irekita egon ondoren, Oiartzungo udako igerilekua ixteko txanda izango da datorren igandean. Iraileko ohiko ordutegian egongo da irekita: 11:00etatik 20:00etara.
Iaz bezala, ez dute denboraldiari agur esateko ospakizunik egingo, COVID-19ak sortutako osasun larrialdia dela eta.
Iragarpen meteorologikoaren kinielak aurreratu duenez, larunbatean zein igandean giro eguzkitsua egingo du, 26-27 gradutik gorako tenperaturarekin. Larruazala beltzarantzeko azkeneko aukeretakoa izango da.