Rodolfo Kirch Ugarte alpinista hil da
Donostiarra jaiotzez, urte asko zeramatzan Oiartzunen bizitzen. 81 urte zituen, eta Everest igotzeko saiakera egin zuen lehen euskal espedizioaren parte izan zen.
Rodolfo Kirch Ugarte alpinista eta mendizalea asteazkenean hil zen, 81 urterekin. Donostiarra zen jaiotzez, baina urteak zeramatzan Oiartzunen bizitzen. Gaur izango da haren arimaren aldeko hileta, 19:00etan, Mirakruz gaineko Santa Kruz elizan.
Euskal alpinismoaren bide urratzaileetako bat izan zen. 1967an Andeetara joan zen lehen espedizio eusko-nafarraren —hala zuen izena— parte izan zen, beste sei mendizalerekin batera.
Uchurraju (5.450 metro), Ayuncurraju (5.647) eta Atunraju (5.987) gailurretara iritsi ziren. Ordura arte inork egin ez zuena lortu zuten. Mendi horien ketxuerazko izenak errespetatu zituzten, aurretik saiakera egin zuten mendizaleek ez bezala. Chaco mendiko gainera ere iritsi zen espedizio hura.
Espainiako Mendi Federaziotik kaleratu zituzten zazpiak, balentria hura gogorarazteko ateratako argazkietako batean ikurrina ikusi zutenean. Espetxeratu egin zituzten espedizioko zazpi lagunetatik sei, tartean Kirch. Eskandalu handia sortu zuen hark.
1974an Everestera egindako lehen Tximist espedizioaren parte izan zen. Ez zuten helburua bete, munduko mendirik garaienaren hegoaldeko lepoan (8.000 metrora geratu baitziren Kirch bera eta Julio Villar.
1980ko hamarkadan espedizio gehiagotan parte hartu zuen, eta ohikoa zen Oiartzunen eskalatzaile gazteagoekin bere pasioa bizitzen ikustea.