Asteburu ia biribila izan da OKEren futbol taldeentzat
Mutilen talde nagusiak etxetik kanpo lortu du garaipena, eta neskenak, berriz, Ugaldetxon. Areto futboleko taldeak, kopatik kanporatuta.
Asteburu ia biribila izan da Oiartzun Kirol Elkarteko ia futbol talde guztientzat. Bost taldeetatik lauk garaipena eskuratu dute asteburuan.
Gizonen Ohorezko Erregionaleko taldea 1-2 nagusitu zen Eibarren etxean. Armaginek beraien kalitatea erakutsi zuten, baina oiartzuarrek aukerak aprobetxatzen eta emaitzari eusten asmatu zuten. Aitzuri Noble eta Eñaut Fernandez izan ziren golegileak.
Emakumeen Lehen Nazional Mailako taldeak ere emaitza berbera lortu zuen, kasu honetan etxean. Arratiaren kontrakoa ez zen partida samurra izan, baina oiartzuarrek lanerako jantzia jarri eta borrokaldia irabazi zuten, Rebecca Diana eta Ane Lopez de Herediaren golei esker. Nesken beste bi taldeek ere garaipena lortu zuten.
Areto futboleko taldeek, berriz, asteburuan hasi zuten lehia, Gipuzkoako Kopako lehen faseko kanporaketak jokatuta. Ez zitzaien nahi zuten moduan atera: Oiartzunek gol baten aldeagatik galdu zuen, eta Miren Taberna penaltietan kanporatu zuten.
Saskilagunek ere asteburuan egin zuten debuta. Elorsoron Hondarribiko taldearen bisita jaso zuten, eta bidasotarren kontra belaunikatu behar izan zuten.
FUTBOLA
Emakumeen Lehen Nazional Maila
- Oiartzun — Arratia: 2-1.
Gizonezkoen Ohorezko Erregional Maila
- Eibar – Oiartzun: 1-2.
Emakumeen Ohorezko Erregional Maila
- Touring —Oiartzun: 2-5.
Gizonen Gorengo Maila
- Oiartzun — Deustuko Unibertsitatea: 0-3.
Emakumeen Gorengo Maila
- Oiartzun — Orereta Kafea: 1-0.
ARETO FUTBOLA
Gipuzkoako Kopa
- Lazkao Gaur Logistika — Oiartzun KE: 5-4.
- Ausa Zaldibi Kirol Kluba — Miren Taberna: 4-4 (Miren Taberna penaltietan kanporatuta).
SASKIBALOIA
Gipuzkoako Bigarren Maila
- Oiartzungo Saskilagunak — Ama Guadalupekoa Ikasbasket: 32-41.