«Lanean jarraituko dugu Pasaia bizia nahi dugulako, alaia eta askea»
Asteburu honetan ospatuko dituzte San Pedro eta San Fermin Txikiak barruti bakoitzean; ez, ordea, herriko eragileek espero zuten bezain egitarau oparoarekin. Babes eza salatu zuten atzo, udaletxe aurrean.
Azken bi urteetan ezin izan dituzte ospatu pasaitarrek euren barrutietako jaiak, denontzako ezagunak diren arrazoiengatik. Egungo egoera epidemiologikoak, ordea, zirrikitu bat ireki du, San Pedro eta San Fermin Txikiak ospatzekoak diren honetan (datorren asteburuan, biak), herriko gizarte eta kultur eragileentzat.
Osasun beharrei egokituta, herrikoekin ospakizunaz gozatzeko hainbat jarduera antolatu dituzte. Zartadura horretatik sartu diren izpiek, ordea, ez diete esperotako argia eman herrien jaietako egitarauak osatu ahal izateko.
HiTZAk zenbaki hau inprentara bidaltzeko unean, Pasaiako 100.000 biztanleko kutsatuen indizea 66koa zen, azken zazpi egunetan hiru COVID-19 positibo hauteman zirelarik udalerrian. Aurreko egunean, gainera, Oarsoaldeko lau herrietan ez zen kutsaturik izan.
Jai txikien antolakuntzan ari den Leire Rekalde sanpedrotarrak zerrendatutako zifren adierazgarritasuna nabarmendu du: «LABIk hartu dituen neurri berrien arabera, talde handiagotan elkartu gaitezke». Egoera hori izanik, abagune zabalagoa espero zuten herriko eragileek.
Birusaren hedatzea nabarmen apaldu bada ere, udal gobernuaren erantzuna pandemiaren hasieratik berdin mantendu dela salatu dute Trintxerpeko Korkoiburuek: «Udalak ez gaitu herri eragileok pandemia osoan kontutan hartu, jaien erabakiak hartzerako garaian ez digu galdetu, eta, gainera, kultur edo herri ekitaldiren bat antolatzen saiatu garenean, trabak besterik ez dizkigu jarri».
Antxoko Topaguneak gaineratu du oztopo horiek, askotan, «justifikaziorik gabe» jarri izan dizkiela udal gobernuak edota Udaltzaingoak, kasuan kasu. Bixi-Bixiri «kontraesankorra» iruditu zaio, besteak beste, herri bazkariak debekatzeko erabakia, «Donibane uda osoan gainezka egon denean»; terrazetan hamabi laguneko mahaiak elkartzea zilegi den honetan, «herri bazkaria erraz egokitu daitekeen formula» dela uste dute.
Marko horren barruan, beraz, ospatu ospatuko dituzte sanpedrotar eta antxotarrek, udalaren baimenez, euren barrutietako jai txikiak; ez, ordea, aldarrikapenak alde batera utzita.
Herri eragileen elkarretaratzea
Atzo arratsaldean udaletxearen eraikinaren aurrean elkartu ziren hainbat eta hainbat pasaitar, udal gobernuari gaitzespen irmoena adierazteko azken hilabeteotan adierazitako babes faltagatik. Udalaren debeku eta oztopoen aurrean, gora jai herrikoiak! lemapean eginiko bilkurarekin bat egin zuten oposizioko EH Bilduk eta Ahal Dugu-Podemosek.
Lehen koalizioak bertan izan ziren, eta publikoki adierazi zuten sareetan «enegarren aldia» dela udal gobernuak herri eragileei bizkarra ematen diena «segurtasunaren aitzakiapean». Ahal Duguko Julen Rodrigezek «justu» iritzi zion protestari, eta PSE-EE nahiz EAJri kolaboraziorako deia egin nahi izan zien komunikabide honen bitartez: «Egoerak ahalbidetu heinean, esfortzua egin behar da kultura suspertzeko».