Itsasne Fernandez oiartzuarra, Sorturen Nazio Kontseilu berrituan
Ezker abertzalearen alderdiak kongresua itxi du asteburuan, Bilbon. Fernandez izango da zuzendaritza berrian, eta Rufi Etxeberriak kargua utziko du.
Sortu alderdiak larunbatean itxi zuen kongresua, Nazio Kontseilua hautatuta. Ezker abertzalearen alderdiaren zuzendaritza hautatzeko epea asteazkenetik ostiralera bitartean izan zen.
Larunbatean Bilboko Bizkaia pilotalekuan kongresua bukatzeko biltzarra egin zuten, eta bozketaren berri eman zuten. Sortuko kideen %89k egin zuten Arkaitz Rodriguez altzatarra buru duen taldearen alde.
Oiartzuar bat egongo da bertan: Itsasne Fernandez Duarte. Barne antolakuntzako arduradunaren kargua izango du zuzendaritza berrian, nahiz eta 2020tik dagoen postu horretan.
1987an jaio zen, eta aurretik Gipuzkoako Idazkaritzako kide izan zen. Sorturen Plan Feministako lantaldeko kide ere bada. Ikasle eta gazte mugimenduetan ibilitakoa da, eta Ingeles Magisteritzan diplomatua da.
Zuzendaritza batzorde berriak Herrigaia izeneko ponentzia eta hari egindako ekarpenak izango ditu lanerako iparrorratz.
Beste oiartzuar batek agur esan dio zuzendaritzako postuari: Rufi Etxeberriak. Ezker abertzalean pisu handia izan du Etxeberriak, eta lehen lerroan hamarkada luzez eman ondoren, “atsedena” hartuko du. Gatazkaren ondorioak konpontzeko batzordeko buru izan da pasa den astera arte. Haimar Altunak hartuko du bere lekukoa.