Laurak Batek garai berrietara egokitzeko urratsak egin ditu
Aplikazio bat sortu dute eta sare sozialetan presentzia indartzen ahalegindu dira. Horrez gain, elkarteak logo berria dauka.
Laurak Bat elkarteak lau helburu aintzat hartu eta garai berrietara egokitzeko hainbat berrikuntza egin ditu, hala nola, logo berria sortzea, aplikazio bat martxan jartzea eta bizikleta bidezko banaketa zerbitzua abiatzea. Egokitzapen hauek lau barrutiak komertzialki komunikatzeko xedez egin dituztela diote, eta horretarako, ekimen hau iraunkorra eta ingurumena errespetatzen duena izatea nahi dute.
Orain arte zuten logoa Juanba Berasategiren laguntzaz diseinatu zuten, eta oraingoa David Martinek egin du. Logoak lau barrutiak elkartzen dituela diote: “Gure badia, itsasoaren urdina, gure mendien berdea, lau barrutiak, San Pedro kolore morea, Trintxerpeko urdina, Donibaneren arrosa eta Antxoko gorria”.
Bestetik, aplikazio berri bat sortu dute ere bezeroek deskontuak eta beste eratako abantailak lor ditzaten. Sistema horren sorkuntzan Oarsoaldea Garapen Agentziak eta Iguana Technologies elkarteak lagundu die.
Horrez gain, bizikleta bidezko banaketa zerbitzua martxan jarriko dute. Pasaiako lau barrutietara iritsiko da eta Gurpilartea elkarteak nahiz Don Bosco Lanbide Heziketako zentroak sustatutako proiektua dela azaldu dute. Hori gauzatu ahal izateko aldundiaren mugikortasuneko sailaren diru laguntza jaso dute. Aldiz, bizikleta Don Boscoko ikasleek egin dute.
Sare sozialei ere erreparatu diote etorkizunerako bide horretan, eta orain arte erabilitako aplikazioez gain, Youtubeko kanala ere ireki dutela jakinarazi dute. Bertan ikus daiteke elkartearen ezaugarriak eta helburuak deskribatzen dituen bideoa.
Bestalde, aurten egingo diren jarduerak ere aurkeztu zituzten, eta apirilean 50.000 euro banatuko dituzte bonuetan udalaren eskutik. Aitzitik, bazkideei prestakuntza zerbitzuak eskainiko dizkiete digitalizazioa kari.
Elkarteak dio hainbat erakunderekin izandako lankidetzarekin jarraitzeko asmoa dutela. Ildo horretan, PERCO plan bereziari jarraiki hainbat akordio sinatu eta mahai bat sortu zituzten Pasaiako Udalarekin. Orain, harremanetan jarraitzeko asmoa dutela adierazi dute “kezkatzen gaituzten gaietarako, hala nola, Antxoko topoaren lurperatzearen gaia”.
Euskarari ere bere lekua eman nahi diote elkartean, eta udaleko Euskara Zerbitzuarekin batera ari dira hizkuntzaren egoeraz, euskararen ezagutzaz eta merkataritzan horrek duen erabileraz.
Dendartean elkartearekin ere badabiltza elkarlanean eta hainbat biltzar egin dituzte Ticket Bai sistemari buruz. Gainera, Oarso Txartela ere izan dute hizketagai eta leialtze kanpainak antolatzen ari dira.