Aparkalekuen gaineko proposamen sorta egin du EH Bilduk
Pasaia, inguruko herrien aparkaleku publiko izateari uztea nahi dute eta turisten mugikortasunaren gainean udalak neurriak hartzea.
Mugikortasunaren gaineko oinarrizko proposamen sorta aurkeztu du EH Bilduk. Agerraldia San Pedroko Torrean egin dute, 2011ean koalizioak egoiliar sistema baten bidez erregulatutako gune bilakatu zuelako hura.
Aurreko eskaerak oroitarazi dituzte hasteko eta Pasaiako bidegorri sarea handitzea galdegin dute, alderdiarentzat funtsezkoa baita ongi kohesionatutako herri batek “herritarrentzat ibilbide atseginak eta seguruak izatea”.
Zentzu berean, Motoran MUGI sistema lehenbailehen ezartzeko premia adierazi dute, eta linea berriak zabaltzeko beharra azaleratu dute ere. “Onartezina da integrazio honek daraman atzerapena, eta udako epealdiaren atarian egonik, behar beharrezkoa deritzogu txartel bakarreko sistema lehenbailehen martxan jartzea”.
Oinarrizko proposamenen txostenera itzuliz, Aparkalekuen sistema hobetzeko bost proposamen izenburupean garatu dituzte ideiak. “Hau egiteko, herritarren eta gure oinarri sozialaren laguntza eta ekarpenak izan ditugu horretarako egin ditugun bosna bilera publikoetan”.
Lehenik, aparkatzeko ordenantza integrala garatzea proposatu dute zeinetan lau barrutien berezitasunak kontuan hartzea nahi duten. “Oinezkoentzat eta txirrindularientzat bide seguruak sortuko dituena eta daudenak errespetatuko dituena”.
Bigarren proposamena barrutikako egoiliar sistemak ezartzea da. Era horretan, bizilagunei beste edonoren aurrean lehentasuna ematea nahi dute, “bereziki gauetan”. Horretarako, aurretik aparkalekua bilatzeko zirkuituen azterketa egin behar dela diote.
Hirugarrenik iraupen mugatuko aparkalekuak sortzearen alde daude “beharrezkoa den guneetan”. Zamalanetarako guneak edo 30 minutuz aparka daitekeen tokiei buruz ari dira, eta hauek errepaso sakona behar dutela iritzi dute “gehienak egun osoan zehar hutsik egoten baitira”.
Laugarren planteamendua “inguruko herrien aparkaleku izateari uzteari” lotuta dago. Pasaiak aparkalekuekin duen egoerari erreparatuta ez dela zilegi arazo horren aurrean neurririk ez hartzea diote “Hospitalilloko eta Luzuriagako aparkalekuak ondoko herrien aparkaleku publiko bilakatu dira”.
Turismoari buruz ere jorratu dira eta udaran Donibanen eta San Pedroko herriguneetara bisitarien kotxeak ez sartzeko eskaria egin dute. Horrez gain, udalak turistei garraio publikoan gerturatzeko deia luzatzea nahi dute. “Turismoa bizilagunon ongizatearekin uztartzea funtsezkoa deritzogu”.
Azkenik, barrutien arteko loturak sustatzea babesten dute. Ildo horretan, jada aipatu duten bidegorriak sortzea, Mugi txartela Motoran erabili ahal izateak, eta pasa txartela eratzeak loturak sustatzen lagunduko lukete koalizioaren hitzetan.
Aste Santua pasa ondoren proposamen zehatzak jasoko dituen txostena aurkeztuko dutela aurreratu du EH Bilduk.