[Erreportajea] Dezibelioz beteko dute kontzejupea bihar
OiartzuaRock jaialdiaren laugarren edizioa egingo dute bihar, bi urteko hutsunearen ondoren. Herriko bederatzi taldek kontzertu bana eskainiko dute kontzejupean.
Pandemiagatik azken bi edizioak bertan behera utzi ondoren, OiartzuaRock jaialdiak plaza ingurua dantzan jarriko du bihar, indarberrituta itzuli da etenalditik. Bederatzi kontzertuk girotuko dute biharko poteoa —eguerdi eta arratsaldekoa—. Musika saioak herriko tabernetan egiteko asmoa zuten antolatzaileek, baina biharko iragarritako eguraldi txarrak formula aldatzera behartu ditu. Kontzejupeak jasoko ditu saio guztiak.
«Luzeak egin zaizkigu bi urte hauek, gogo handiz gaude, eta uste dut oiartzuarrek ere erantzungo dutela», aitortu dio Hitza-ri jaialdiko antolatzaile zereginean dabilen Alain Mendizabalek.
2017an abiatu zuten egitasmoa, haien arabera, asko baitziren herrian musika egiten zuten talde eta bakarlariak, eta denei agertoki bat eskaintzea izan da betiko asmoa. Aurreko hiru edizioetan talde ugari pasatu dira OiartzuaRock-etik, ibilbide luzekoak batzuk eta hasiberriak besteak. Denei eman diete mikrofono eta bozgorailu bana. «Helburua herriko taldeak plazara edo mugimendu handia dagoen eremu honetara ekartzea da, haien artea erakuts dezaten. Zortea dugu Oiartzunen, entsegu lokal asko baititugu, baina plazatik urrun, eta horregatik horietatik atera nahi ditugu taldeak, denak elkartu», erantsi du.
Rocka, punka, rapa… Askotariko musika estiloak entzun ahal izango dira biharkoan, bertaratutako denek euren kutuneko kanturen batekin egingo dute topo ziur. «Talde askok eskertu dute aukera. Ni neu, adibidez, jende askok jaialdi honetan ezagutu ninduen, bertan parte hartzeagatik. Aukera paregabea da gazteentzako, leiho bat izan nahi dugu».
Arratsaldekoari behar bezala aurre egiteko bazkaria egingo dute. Bost euroan eskura daitezke txartelak, Kastron.
Egitaraua:
- 13:00. Anal Sex.
- 14:00. Bazkaria.
- 16:00. June Galardi.
- 16:45. Mil Demonios.
- 17:30. Neira.
- 18:15. The Matxukambo 24/7.
- 19:00. Yakovlev 42.
- 19:45. Shangri-La.
- 20:30. Tinnitus.
- 21:15. Mxk3r & Uzi Cuzy.