Oiartzungo antzerki denboraldia ‘Troia’-raino iritsiko da
Asteburuan hasiko da programazioa Axut! eta Artedramaren ‘Hondamendia’ obrarekin. Oiartzungo Antzerkizaleen Elkarteak hamarkada bat darama antzerkia herrira hurbiltzen.
Oiartzungo Antzerkizaleen Elkartearen programazioa asteburuan hasiko da, Axut! eta Artedramaren Hondamendia antzezlanarekin. Zaldibarko zabortegiko luizia ardatz duen obra etzi jokatuko dute, 19:00etan hasita, Landetxen. Sarrerak webgunean eskura daitezke, 8 euroan.
Hamarkada baten bueltan daramate egitaraua lantzen eta zaleei eskaintzen. Lur Korta elkartean dabil, eta hastapenak gogorarazi ditu. «Asier Legorburu Kultura zinegotzi zenean [2011-2015 agintaldian], antzerkizaleon talde bat elkartu zuen. Ordura arte, ohitura zen Madalensoro edo Elorsorora urtean bi makro obra ekartzea», esan du Kortak. H
ortik abiatuta, zerbait berria hastea proposatu zuen. Aldi berean —jarraitu du Kortak— eskoletan esketxak egin ondoren, antzerki talde bat sortu zuten.
«Bazegoen giro bat airean, zerbait egiteko nahiarekin», zehaztu du Oier Guillan elkartekideak. «Gauzak beste modu batera egin behar ziren intuizioa zegoen, eta zekiten pertsonek egin behar zutela», gaineratu du.
Urritik maiatzera, hilero, antzezlan bana programatzen hasi ziren, eta ekainean herriko antzerki taldeen ikuskizunak taularatzen zituzten. Horri gehitzen hasi zitzaien kaleko antzerkia, uztailean egiten dutena. Aurten ere horrekin itxiko dute, Kamikaz Kolektiboaren Troia lanarekin.
Bilakaeraren emaitza zein den zehaztu du Kortak: «Orain gazteen bost talde ditugu, hezkuntzan arrakasta izan du; eta Landetxe aretoa daukagu». Guillanek nabarmendu du antolatzaileen taldea mantendu dela, «aldaketak aldaketa».
Irizpideak, hasieratik
Hasieran, programazioa osatzerakoan, irizpideak finkatzen joan ziren. Guillanek zerrendatu ditu: «Generoa kontuan hartzen dugu; esperimentalenetik komertzialenera doazen antzezlanak presente egotea; formatu handikoak eta txikikoak; guztia euskaraz izatea…».
Horrekin mezu argi bat helarazi nahi zuten, hedatuta zegoen aurreiritziarekin apurtzeko: urte osoko antzerki programazio bat, kalitatezkoa, euskara hutsean egin zitekeela.
«Oso gustura gaude, oso erreferentziala bilakatu delako, bai herrian —nahiz eta hasieran jendeak arraro begiratzen zituen proposamenak—, baita euskaraz dagoen aberastasuna erakusteko ere», esan du Guillanek.
Urteen poderioz lortutako fideltasuna ere aipatu du, eta horretarako errezeta izan da lan egitea. «Publikoak ez zekien zer ikusiko zuen, baina konfiantza zuen gure irizpidean, bazekielako atzean lanketa zegoela», gaineratu du Guillanek.
Taldeekiko zaintza da programazioaren arrakastaren beste gakoa: udal aretoa antzerkirako prest ez zegoenez, elkartekoak eurek osatu zuten antzerkirako ekipoa, eta sarrerak saltzen ere aritzen ziren, baita taldeekin egun osoan egoten ere.
Landetxeri dagokionez, aldaketa handia ekarri duela berretsi dute, eta lehen egin zituzten lanak alde batera utzi dituzten arren, Oiartzungo Udalarekin duten hitzarmenari esker, «askatasun osoz» hautatzen dute programazioa.
Fideltasun hori saritzen hasi ziren duela urte batzuk, eta aurten ere lau saiotara joaten denak bosgarrena doan izango duela aurreratu dute egitasmoaren arduradunek.
Antzerki taldeetan aritzen diren gazteek doan ikus ditzakete emanaldiak. «Txikitatik antzerkia bizi duena bihur daiteke antzezle, baina baita ikusle kritiko eta irizpideduna ere. Batak bestea elikatzen du beti, eta horregatik ekainean programatzen ditugu herriko taldeen antzezlanak. Ekintza soziala bilakatu ohi da», esan du Guillanek.
Esker oneko plaza
Antzerki taldeek Oiartzungo udal pleno aretoa bisitatzean, «esfortzua» egiten zutela ziurtatu dute. «Esker oneko plaza bilakatu da Oiartzun, beti dagoelako publikoa hemen, bai oiartzuarrak baita kanpokoak ere, beste toki batzuetan ikus ezin daitezkeen lanak hemen badaudelako», azaldu du Guillanek.
Horrez gain, antzerkia herritarrentzako eskuragarri jartzeko ahalegina egin dutela nabarmendu du Kortak. «Berdin du obra handia edo txikia zen: guk berdin kobratu dugu emanaldi guztietan, dirua arazo izan ez dadin».
Aurtengo programa finduta dute [oarsoaldea.hitza.eus-en irakur daiteke antzezlan bakoitzari buruzko iruzkintxoa]. Hainbat irizpide mahai gainean izan arren, ez dute berezko zailtasunik aurkitzen egitaraua osatzerakoan.
«Iritzi okerra dago euskarazko antzerkigintzari buruz. Asko dago, badago non aukeratu, eta urte osoko programazioa betetzeko adina ematen du, obra asko kanpoan utzita».
Hondamendia-tik Troia-rako bidaia hasi berri da.
Egitaraua
- Hilak 17, 19:00etan: Hondamendia. “Iazko denboraldian ezagunena izan den antzezlanarekin hasiko dugu denboraldia”.
- Urriak 22, 19:00etan: Komedia Madarikatua. “Pabellon 6k aktore gazteekin egindako ekoizpen propioa, aktore gazteekin. Tartean dago Luix Mitxelena oiartzuarra; iruditu zitzaigun inportantea herriko norbait gonbidatzea”.
- Azaroak 19, 19:00etan: Tempus fugit. “Ze Onda taldearen argazki oso esperimentala”.
- Abenduak 3, 19:0etan: Kanpora sartzen. “Txalorena da, duela gutxi estreinatu dutena. Hiesa da gaia, eta Harri Beltzarekin elkarlanean arituta taularatuko da”.
- Abenduak 29, 18:00etan: Batetik bestea. “Gabonetan egin ohi dugu haurrentzako antzezlana. Oraingoan Benetan be taldearena ekarriko dugu”.
- Urtarrilak 21, 19:00etan: Intxaurra. “Lesakako Mairu antzerki-tailerraren lana da. Erabat amateurrak dira, baina oso lan fina egiten dute. Kasu honetan, UEMAren laguntza jaso dute antzezlana osatzeko”.
- Otsailak 18, 19:00etan: Gure xaharrak. “Ipar Euskal Herrikoak dira Bonbon Beltzekoak. Beti saiatu gara lurraldetasunari erreparatzen, zailtasunak baitaude mugaren bi aldeetara programatzeko”.
- Martxoak 2, 18:00etan: Muna. “Aurten bigarren aldiz antolatu dugu haurrei begirako bigarren emanaldi bat. Gabonetatik udara arteko erdibidean kokatu dugu”.
- Martxoak 17, 19:00etan: Sehaska-kanta gorriari. “Arta kolektiboa talde berriaren obra berria da. Deba Goienakoak dira, eta Alaine Agirreren testu batean oinarrituta sortu dute antzezlan bat. Horrelakoekin apustua egin ohi dugu: zer dagoen ikusi, eta ekarri”.
- Apirilaren 21, 19:00etan: Ez dok hiru. “Klasikoak dira Tartean-eko Patxo Telleria eta Mikel Martinez. Egon izan dira gehiagotan; ahalegina egin izan dute hona etortzeko”.
- Maiatzak 26, 19:00etan: Depolvoeres. “Antzerki mutua izan arren, euskaraz planteatuta dago Xabi Jabato Lopezen obra. Herriko kulturaren aldeko apustua egin ohi dugu”.
- Ekainean: Txinalka herriko helduen taldearen emanaldiak, eta herriko gazteen ikasturte bukaerako lanak.
- Uztailak 5, 19:00etan: Troia. Kaleko antzerkia, Kamikaz kolektiboaren eskutik.