Etxea bezalakorik ez da
Oiartzun Kirol Elkarteko futbol talde nagusiek garaipena lortu dute, Karla Lekuonan. Areto futbolekoek Eguzkiri jipoia eman diote.
Larunbatean jokatu zuten partidako irudia. Asteburu biribila izan da Oiartzun Kirol Elkarteko senior mailako talde nagusientzat. Hirurek lortu dituzte garaipenak.
Lehenengoak jokatzen gizonak izan ziren. Lagun Onak-en bisita jaso zuten, eta norgehiagoka hasieratik bukaeraraino kontrolatzea lortu zuten.
Hala ere, sarea zulatuta ikusteko bigarren zatiko erdialdera arte itxaron behar izan zen. Seinek 67. minutuan lortu zuen oiartzuarren lehenengo gola, eta Estefanok lortu zuen bigarrena bost minutura.
Azpeitiarrek 88. minutuan lortu zuten beraien gol bakarra, baina oiartzuarrek ongi babestu zuten beraien atea.
Emakumeen taldeak, berriz, denboraldiko partidarik onena jokatu zuen Berriozarren kontra. Oiartzuarrak baloiaren jabe izan ziren norgehiagokaren fase askotan, aukera dezente sortu zituzten, eta defentsa lanetan bikain aritu ziren.
Oiartzuarrek lau gol sartu zizkieten nafarrei, Rebecca, Lizaso eta Begoñaren bidez, bisitarien jokalari batek bere atean sartzeaz gain.
Larunbateko garaipenak konfiantza emango die Oiartzun KEko jokalariei, eta denboraldian egin behar dutenaren iparrorratz izan behar du, talde teknikoaren arabera.
Areto futbolean, jipoiak
Bost jokalarirekin jokatzen den futbolean autoritate handiko garaipenak lortu zituzten Oiartzungo taldeek.
Lehen Mailan ari denak Elorsoron jokatu zuen, Egintzaren kontra. Iazko finalean indarrak neurtu zituzten, baina billabonatarrak panpina izan ziren oiartzuarren eskuetan, dozena erdi gol jaso baitzituzten.
Lehenengo zatia nahiko parekatua izan zen, 2-1eko emaitzarekin joan zirelako aldageletara. Oiartzuarrek lau gol sartu zituzten handik bueltan.
Bestalde, Miren Tabernak Oarsoaldeko derbia jokatu zuten Lezoko Bekoerrotan. Lezoarrak aurreratu ziren, baina atsedenaldiaren aurretik berdindu zuten oiartzuarrek.
Bigarren zatian haize erauntsia izan zen Miren Taberna, eta dozena erdi gol sartu zituzten.
Emakumeen 3. RFEF Maila
- Oiartzun — Berriozar: 4-0.
Gizonezkoen Ohorezko Erregional Maila
- Oiartzun — Lagun Onak: 2-1.
Emakumeen Euskal Liga
- Eibar C — Oiartzun B: 6-0.
Gizonen Lehen Erregionala
- Oiartzun B — San Marcial: 1-3.
Emakumeen Ohorezko Erregional Maila
- Oiartzun C — Ondarbeltz Amaikak Mutriku: 1-1.
Mutilen Gazte Mailako Euskal Liga
- Oiartzun — Betoño: 1-2.
Mutilen Gazte Mailako Gorengo Maila
- Lengokoak — Oiartzun B: 2-0.
Mutilen Gazte Mailako Lehen Maila
- Ostadar B — Oiartzun C: 4-1.
ARETO FUTBOLA
Gizonen Gipuzkoako Kopa
- Oiartzun — Eguzki: 6-1.
Gizonen Gipuzkoako Bigarren Maila
- Jaizki — Miren Taberna OKE : 1-7.
