Oiartzungo kirol esparruaren diagnosi feminista aurkeztuko dute
Asteartean izango da aurkezpen ekitaldia. Herritar guztiak animatu dituzte bertara, egoera zein den lehen eskutik ezagut dezaten.
Oiartzungo Udalaren ekimenez, kirol esparruaren diagnosia egin dute, ikuspegi feminista batekin. Datorren asteartean —hilak 14— aurkeztuko dute, Landetxen. 19:00etan hasiko da aurkezpena.
Irekia izango da saioa eta herritar guztiak parte hartzera gonbidatu ditu udalak. “Bereziki animatu nahi ditugu herriko kirol taldeetako partaide eta zuzendaritzetako kideak, kirola edo jarduera fisikoa egiten duten emakumeak egoera aldatu emakumeek kirolean gehiago parte hartzeko ezinbestekoa izango baita Udalaren, taldeen eta eragileen arteko elkarlana”, esan dute.
Saiora joateko gonbidapenak udalaren sarreren webgunean daude.
Diagnosia
Hainbat galderari erantzuten saiatu dira: “Sexista al da Oiartzungo kirol esparrua? Zein da gaur egungo egoera? Eta zein dira egin beharreko aldaketak kirol esparrua oiartzuar guztientzat izateko?”.
Emakume kirolarien egoera bertatik bertara ezagutu nahi izan dute, baita egiten ez dutenek ez egiteko dituzten arrazoiak ere.
“Gorputz jabekuntzarako eta ahalduntzeko tresna paregabea izanda ere, emakumeei jarduera fisikoa egiteko mugak jarri zaizkie beti”, adierazi du udalak.
Horrela, herriko kirol eskaintza integrala eta udal kirol azpiegiturak genero ikuspegitik aztertu ditu udalak, emakume eta gizonen artean zein desberdintasun dauden behatzeko, emakumeenganako diskriminazio egoerak baldin badaude antzeman eta zuzentzeko proposamenak jasotzeko.
Horretarako kirol arloko azpi-eremu ezberdinak aztertu dituzte: Udaleko kirol saila, partaidetza kirola, kirol federatua, eskola kirola eta azpiegiturak.
Honako hauek ere aztertu dituzte: federatutako kirolean aritzen den gizon eta emakume kopuru eta egiten duten kirol mota; klubetako zuzendaritzen osaera; Eskola Kirolako partaideak; kiroldegiko bazkideak; ikastaroetako abonatuak; espazioen erabilera eta udaleko Kirol Sailetik egiten diren egitasmo eta hitzarmenak aztertu dituzte besteak beste, emakumeek kirola egiteko dituzten oztopoak detektatzeko.
Zehar-lerroa
Udalak gaineratu duenez, proiektu guztietan lan egiteko modua eraldatu nahi dute. Horrela, berdintasun politikak arlo guztietan zehar lerro bezala txertatuko dituzte, baita kirolean ere.
Aurretik ere egin izan ditu kirol arloan genero ikuspegia txertatzeko ekintzak; eskola kirolean hezkidetza sustatzeko edota emakume kirolariak eta profesionalak ikusgai egiteko, Kirol Astean egiten diren ekintzen bidez. “2023an pauso bat gehiago eman du udalak eta Oiartzungo kirol arlo guztiaren diagnostikoa egin du ikuspegi feministatik”, zehaztu dute.