Aparkalekuaren Ordenantza berria aurkeztuko dute lau barrutietan
Ordenantza berria argitaratu du gaur udalak. Araudi honek herritarren egunerokoan "aldaketa nabarmena" ekarriko duela dio udalak.
Pasaiak aparkalekuarekin duen arazoari irtenbide bat emateko, Aparkalekuen Ordenantza berria du jada herriak, gaur bertan argitaratu du Pasaiako Udalak. Herritarren proposamenak aintzat hartu ditu udalak ordenantza hau diseinatzeko. Orain, pasaitarrei aurkeztu nahi diete, eta horretarako bilera erronda bat hasiko dute, barruti guztietatik pasako dena. Bileren aurretik ordenantza kontsultatzera deitu dituzte herritarrak.
Araudi honen testua hainbat fasetan idatzi du udalak. Joan den ekainean batzar irekiak egin zituzten lau barrutietan, ordenantzaren lehen proposamenaren berri emateko eta ekarpenak jasotzeko. Batzar hauetan 200dik gora lagunek parte hartu zuten. Bilerez gain, paperean zein online formularioen bidez, pasaitarren kezka eta proposamenak ere jaso zituen erakundeak. Orotara, 120 formulario baino gehiago jaso ditu udalak, eta “oso positibotzat” jo du hori. Jasotako ekarpen guztiak banan-banan aztertu direla diote udaleko iturriek, eta horiek ordenantzan txertatzeko aukerak baloratu dituzte. “Proposamenen tonua oso eraikitzailea eta aberasgarria izan da, eta hori eskertzekoa da aparkalekua bezalako gai zail batean. Ideia berriak eman dizkiguten eta beste batzuk birplanteatzera bultzatu gaituzten ekarpenak bildu ditugu, eta, beraz, funtsezkoak izan dira proposamenok araudia hobetzeko eta ordenantza herritarren beharretara egokitzeko”, esan du Teo Alberro alkateak.
Araudi berri honekin Pasaiako aparkalekua antolatu nahi dute, “betiere barruti bakoitzean bizi diren pertsonei lehentasuna emanez”, esan du Mikel Garcia zinegotziak. Ordenantzak herritarren egunerokoan “aldaketa nabarmena” ekarriko duela erantsi du, hark esan bezala, “batez ere, lanetik itzultzean gaur egun aparkaleku bila orduak ematen dituztenentzat”.
Ordenantza hau diseinatzeko eskuragarri dagoen espazioa “modu bidezkoagoan” banatu dute, “oinezkoentzako guneak errespetatuz eta ibilgailu bisitarien zirkulazioa hiriguneetatik kanpo utziz”.
Bukatzeko, alkateak aipatu du jakitun direla “Pasaiako mugikortasunaren eta aparkalekuaren errealitatea oso konplexua dela”, eta hortaz, esan du araudi berri honek “doikuntzak eta aldaketak beharko dituela etorkizunean”: “Malgutasun horri esker, aparkaleku sistema berriaren funtzionamendua egokitzen eta optimizatzen jarraituko dugu, herritar guztien onerako”.
Lau hitzordu jarri dituzte datozen asterako, eta hauetan zehatz-mehatz azalduko dute bertakoen txartela lortzeko baldintzak, barruti bakoitzean zehaztutako aparkaleku motak eta eremuak, eta baita txartela lortzeko eta araudia indarrean sartzeko epeak zeintzuk diren ere. Honakoak dira hitzorduak (guztiak 18:30ean izango dira):
- Hilak 14 (astelehena): San Pedroko Erti Udal Aretoan.
- Hilak 15 (asteartea): Donibaneko erabilera anitzeko aretoan.
- Hilak 16 (asteazkena): Antxoko Kultur Etxean.
- Hilak 17 (osteguna): Trintxerpeko Alkateordetzan.
Aparkalekuen ordenantza berria irakurtzeko, egin klik hemen. Bestela, udalaren webgunean ere kontsulta daiteke.