"Diskurtso faxista naturaltasunez zabaltzen ari da gure kaleetan"
Azken egunetan Trintxerpeko talde batek egindako mobilizazioak "herrian bizi diren atzerritarrak kanporatzeko asmoz" antolatu direla salatu du talde antifaxista batek. Hainbat "liskar larri" izan direla diote, tartean, jipoiak.
Azken asteetan Trintxerpen mobilizatzen ari den herritar talde baten jarrera gogor salatu du Pasaiako antifaxista talde batek. Azken egunetan egindako mobilizazioak “herrian bizi diren atzerritarrak kanporatzeko asmoz” antolatu direla esan dute hedabideei bidalitako ohar batean, manifestarien mezuetan zantzu arrazista eta xenofoboak daudela. “Ikusi dugu pertsona arrazializatuen, eta bereziki, bazterketa egoeran daudenen aurkako indarkeria geroz eta gordinagoa dela eta are gehiago, kolektibo horren aurkako kriminalizazioa orokortzen ari da”, esan dute.
Azken egunetan hainbat “gertakari larri” izan direla salatu dute: bizilagun talde bat gauean “jipoiak” emateko antolatu dela eta azken egunetan barrutitik “enkaputxatuak” ikusi direla “burdinezko barroteekin”; sare sozialetan pertsona talde zehatz baten aurkako “komentario arrazistak etengabeak” izaten ari direla; eta, manifestazio batean “pertsona bat jipoitu eta beste baten kontrako oldar bortitzak” izan direla.
Talde hau arazo guztien errua atzerritar eta pertsona arrazializatu jakin batzuei leporatzen saiatzen ari dela erantsi du talde antifaxistak. Amorruzko diskurtso horren jo puntuan Afrika iparraldetik etorritako kideak duela diote, “zeinak erabateko bazterketa egoeran dauden”. Baina, zabaltzen ari den diskurtsoak “erroan dagoen arazoa estaltzen” duela diote, “gure sistemaren gabeziak eta kapitalismoak sortzen duen miseria egoera ekidin egiten baitute”.
Talde antifaxista honek publikoki salatu du “pertsona hauekiko indarkeria geroz eta bortitzagoa” izaten ari dela Trintxerpen, eta “diskurtso faxista naturaltasunez zabaltzen ari dela gure kaleetan zehar”. Sektore pobreen kontrako “zapalkuntza justifikatzea” leporatu diote talde honi, eta fokua pobrezia hau eragiten duten faktore zein eragileetan jarri beharrean, pobrezia pairatzen dutenengan jartzen ari direla. “Argi dago, instituzioek egoera hau heltzeko mugak dituztela, beraz, Pasaian jarrera faxista eta arrazista horiekin bat egiten ez duen herria badagoela aldarrikatzeko garaia iritsi da. Iristen ari ziren diskurtso eta portaera horiek gure artean daude jada eta ezin ditugu onartu”.
Herri argazkia
Azkenik, diskurtso faxistei “mugak jartzeko” premiaz aritu dira eta “Pasaia integratzaile baten alde egiteko” deia luzatu dute. “Bada pobreziaren egiturazko arazoari errotik heltzeko garaia, baina bereziki bada beste Pasaia baten alde egiten dugunok kaleak hartzeko garaia. Ez diezaiegun tartetik utzi! Herriaren erantzuna ezinbestekoa dugu”.
Ildo horretan talde antifaxistak deialdia egin du datorren larunbaterako (hilak 19). 12:00etan, Donibaneko Santiago plazara joateko deia egin diete pasaitar guztiei, “arrazakeriaren eta faxismoaren kontrako” herri argazkia aterako baitute bertan.