Asteburuko ekitaldiek eragina izango dute Trintxerpeko eta Antxoko trafikoan
Trintxerpen Musikaz Blai jaialdiaren barruan kalejirak egingo dituzte gaur eta igandean, eta Antxon Lizeo egunak barrutiko kaleak hartuko ditu bihar.
Asteburuan hainbat ekitaldi daude programatuta Pasaian, eta horietako batzuek eragina izango dute barrutietako trafikoan.
Trintxerpe
Atzo hasi zen Musikaz Blai jaialdiaren XVI. ekitaldia musika eskolako taldeen emanaldiarekin. Gaurtik igandera bitartean jarduera gehiagoz gozatu ahal izango dute herritarrek, eta gehienak Serafin Esnaola plazan izango dira. Gaurko (ostirala) 18:00etan trikiti eta panderoko ikasleen kalejira egingo da. Parte hartzaileak 18:00etan aterako dira Musika Eskolatik, eta Azkuenetik eta Euskadi etorbidetik pasa ondoren, Gernika plazan bukatuko da ibilbidea, 18:45ean. Kalejirak trafiko mozketa puntualen bat eragin dezake, eta Udaltzaingoak bideratuko du trafikoa.
Igandean (hilaren 7an), aldiz, txistularien kalejira egingo da Euskadi etorbidetik Serafin Esnaolara, 12:00etatik aurrera. Ikuskizun horrek ahalik eta gutxien eragingo dio barrutiko trafikoari, eta bideratu egingo da.
Antxo
Bihar (larunbata, hilaren 6a) Alkartasuna Dantza Taldeak antolatzen duen XXXI. Sagardo Jaia egingo da Antxon, baina ez du eraginik izango trafikoan. Horrez gain, Pasaia-Lezo Lizeoaren 50. urteurrenaren jaia egingo da barrutian, hainbat jarduerarekin.
- 11:00etatik 12:00etara kalejira egingo dute, erraldoi eta buruhandiekin. Hori dela eta, trafiko mozketa txikiak egon daitezke ibilbidean zehar. Trafikoa Udaltzaingoak bideratuko du. Honakoa izango da kalejiraren ibilbidea: Biteri plaza, Zumalakarregi, Blas de Lezo, Maiatzaren Lehena, Eskalantegi, Oarso, Hamarretxeta, Gure Zumardia, Hamarretxeta eta Biteri plaza.
- 18:30etik 20:00etara Elektrotxuflak Antxo girotuko du, eta baliteke trafiko mozketa txikiak eragitea. Udaltzaingoak bideratuko du trafikoa. Honakoa izango da ibilbidea: Ibaiondo, Oarso, Axular plaza, Kupeldegi kalea, Hamarretxeta kalea, Izadi taberna, Hamarretxeta, Biteri plaza, Hamarretxeta eta Gure Zumardia.
La Anunciata ikastetxeak, gainera, Agurra Jaia egingo du igandean Ibaiondo frontoian, baina ez du eraginik izango trafikoan.
Donibane
Donibanen urratsak egiten ari da Palestina erdigunean jarri duen Gora Herriak jaialdiaren IX. ekitaldia. Igandean Gora Palestina Askatuta kontzertua egingo da Juanba Berasategin Sol Band Gaza, Jon Maia, Olatz Salvador eta Iker Lauroba musikarien parte hartzearekin, 18:00etatik aurrera. Kontzertuak ez du eraginik izango trafikoan.
