Herria batu euskara suspertzeko
Euskararen egoera irauli eta herritarrak saretu eta antolatzea helburu duen 'Euskaltzaleen plazak' antolatu dituzte Oarsoaldeko herrietan datozen egunetarako.
Ezkerretik eskuinera: Egoitz Albizu, Aitzol Perez de San Roman,
Saioa Zabala eta Itsaso Aldai.Imanol Saiz Gomez de Segura Gero eta gehiago dira euskararen egoera kinka larrian dagoela esaten duten adituak. Baita datuak ere. Azken urteetan erabilerak beheranzko joera izan duela jarri dute jomugan, eta, aipatu, hizkuntza ohiturak zeharo aldatu direla. Hala ere, zientoka dira egoera hori irauli eta euskara gorenera eraman nahi dutenak. Horren adibide argienak dira Euskaraldia, Korrika, edota AEK-k egiten duen Mintzalagun jarduera. Herriaren zein eskualdearen arabera biztanleek euskararekin duten harremana ezberdina da, baina txikitik eginda ere, handia izan daiteke eragina.
Pasan den Euskaraldian, esaterako, Pasaian Euskaltzaleen Plazak izeneko esperimentu bat abiatu zuten jendearekin kafe bat hartu edota elkarrizketan ari ziren bitartean herritarren kezkak jaso eta horietatik saretu eta antolatzeko asmoz. Emaitzak ikusita, Oarsoaldeko gainerako herrietan ere aurkeztu zuten jarduera, eta diagnostiko partekatu bat zutela ikusita, martxan jartzea erabaki dute Oreretan, Pasaian, Lezon eta Oiartzunen, helburu bakar batekin: herritarrak aktibatzea.
Euskara elkarte, norbanako eta eragileekin partekatu zuten egitasmoa, eta udalak babesten duen jarduera bada ere, herri ekimenetik sortutakoa da.
Egoitz Albizu Euskaltzaleen Plazak antolatzen ari den kideetako bat da, eta iniziatiban sakondu nahi izan du: “Oarsoaldeko herri bakoitzak bere testuingurua du. Izan ere, Oreretak eta Oiartzunek euskara elkarteak dituzte, eta horiek hartu dute aktibazioa eta saretzea aurrera eramateko ardura. Lezon eta Pasaian guk egiten dugun dinamizazio lanaren bidez auto antolaketa moduko bat egingo da. Gainontzeko herrietan ere bai, noski, baina aldea hori izango da”.
Bada, Albizurekin batera Saioa Zabala, Aitzol Perez de San Roman eta Itsaso Aldai ari dira euskaltzaleen saretzeak abiatzen eta aktibaziorako proiektua martxan jartzen. Langile bakoitzak bere abiapuntua du, baina zerbaitetan bat egiten badute da ulertzen dutela herri bakoitzean nahikoa kezka dagoela euskararen egoeraren gainean. Hortaz, kezka hori partekatzen dutenak saretu, herritarrak ahaldundu, antolatu eta aktibatzeko proposamena lantzen ari dira. “Kezka orokorra da herri guztietan erabilerari dagokionean. Euskara larrialdi linguistikoan dago, eta horren harira abiatu dugu bidea”, azaldu du Aldaik.
Zabalak azaldu du helburu zehatzik markatu ez badute ere, saretzea eta euskaltzaleen komunitate bat sortzea dela nahi dutena. “Komunitatea sortu eta elkarrekin aktibaziorako eta erabilera handitzeko zerbait egitea da gure egitekoa”.
Saretzea, herritarren esku
Euskararen erabileran atzera egiteko arrisku baten atarian aurkitzen da Euskal Herria. Egoera hori orokorra da, baina herri bakoitzean ezberdinak izango dira aktibatu nahi dituzten edota aurrera eraman daitezkeen proposamenak. “Kasuan kasu, leku bakoitzean erabaki daitezke herritarren lehentasunen arabera”, dio Albizuk.
Perez de San Romanek ere ildo beretik egin du hitzartzea, eta gehitu herri bakoitzaren egoera soziolinguistikoa ezberdina izanik ere amankomunean dutela euskararen aldeko indar berri baten falta sumatzen dutela. “Guk hori probokatu nahi dugu, eta herritarrak zein euskaltzaleak euskararen aldeko pizkundean parte hartzea dugu helburu”.
Dinamizatzaileek nabarmendu dute herritarren parte hartzea ez dutela jarduera zehatz batera mugatu nahi, eta horretxegatik topaketak egiteko plazak baino ez dituzte eskainiko. Aldai: “Saretze horretan herritarren eskura utzi nahi ditugu sor daitekeen edozein ekintza. Horregatik, plazak deituko ditugu herri bakoitzean, eta plaza horietan kezka minimo bat duten herritarrak bilduko dira, eta beraien esku utziko dugu edozein dinamika antolatzea”.
Aldaik, bestalde, argitu du proiektu hori ez dela lineala; alegia, beharren arabera edota plaza horietan ateratzen denaren arabera saretzen jarraituko dutela, eta hortik abiatuko direla elkarrizketak. “Agian lehenbiziko plaza horretatik ez da deialdirik aterako, topaketa soil bat izan daiteke. Zirkularra izan daitekeen plangintza bat da, eta erronka zehatzik jarri gabe herritarrek markatzen duten erritmoaren arabera jardungo dugu”.
Horixe bera aldarrikatu du Perez de San Romanek ere: “Ez da hasi eta bukatu egiten den proiektu bat. Gune baten antolaketa osatzera goaz, eta erritmoa parte hartzaileek markatuko dute”.
Hori horrela, kideek diote edozein ekintza edota erronkari aurre egiteko azpiegitura bat sortzea dela xedea. “Herritarren arteko mugimendu sozial hori botatzen dugu faltan”, jarraitu du Aldaik.
Entzute ariketa batetik harago
Zabalak, Perez de San Romanek, Aldaik eta Albizuk. Laurek sentitu dute orain artean herritarrek ez dutela proposamenak egiteko gune bat izan. “Orain arte euskalgintzan antolatuta gaudenok proposatu izan dizkiegu herritarrei egitasmoak eta jarduerak. Laguntza eskatu diegu, eta orain asmoa da herritarrak berak izan daitezela proposamenak egiten dituztenak. Nik faltan bota dut gune bat izatea zeinetan herritarrek izan dezaten askatasun hori beraien kezka partekatu, eztabaidatu eta edozein dinamika hortik abiatzeko”, nabarmendu du Perez de San Romanek.
Era berean, Albizuk jarraitu du esanaz parte hartzeko modu ezberdinak proposatu izan direnean, horien izaera izan dela “entzute ariketa hutsera bakarrik mugatu den zerbait”. Horregatik, konpromiso minimo bat edota antolatzeko grina duen jendeak espazio hori eta komunitate hori existitzen dela sentitzea nahi dute. “Ale txiki bat jarri edota inplikazio maila altuago batekin parte hartu nahi duen orok du lekua plazetan, betiere ulertuta denon artean egiten dugun ekarpenak zerbait handiagoa ekar dezakeela”.
Eskaera, beraz, argia da: euskararen inguruko kezka minimo hori konpartitzen duen oro sarearen parte izatea, ikusteko herrian zer egiten den, edota ekarpenen bat egin dezan.
Goiko koadroan datozen egunetan Pasaian, Lezon, Errenteria-Oreretan eta Oiartzunen egingo diren plazen egutegia ikus daiteke. Horiek lehen hitzorduak dira, eta saio bakoitzeko ondorioek markatuko dute ibilbidea.
