420 kilo sardinarekin asteburuko ajea gainditu daiteke?
San Pantaleon eguna ospatu zuten atzo sanjuandarrek. Sardina jatea egin zuten, urtero moduan, kalean erretako sardinak banatzen.
Sardina usainarekin itzuli ziren atzo sanjuandar gehienak etxera. San Pantaleon eguna ospatu zuten, ederki gainera. 420 kilo arrain banatu zituen udalak kuadrillen artean, horiek erre eta bana zitzaten. Hala izan zen, eta 21:00ak aldera, jada ez zegoen sardina arrastorik Pasai Donibanen. Arrantzale ohiak omentzeko eguna izan ohi da, eta noski, jana eta edana medio, giro ederra hedatu zen Donibaneko alde zaharreko kale bakarretik.
19:00ak aldera hasi ziren lehen sardinak banatzen. Horretarako, ordu batzuk lehenago kuadrilla bakoitzak bere sardina kajak eta ikatza jaso zituzten, esan bezala, udalak emanak. Bakoitzak bere txokoa hartu zuen. batzuk itsaso ondoan, beste batzuk elizari itsatsita, eta baziren ere urruti jarri zirenak, agian haientzako sardina gehiago gordetzeko itxaropenarekin. Baina azkenaldian munduko edozein tokitan bezala, jendez bete zen Donibane, bertakoekin eta kanpokoekin.
Ogia eta ardoa
Pasai txarangak kaleak girotu zituen arratsaldean zehar. Aitanaren Superestrella abestia ere jo zuten, sardinak jaten zituzten beteranoek zeharretik begiratzen zieten bitartean. Badira kuadrillen postuetan ilarak egiten dituztenak, eta badira ere, aurrera azkar batean iristen dakitenak. Sardinak bai, baina ogia ere, eta noski, ardoa. Hori bai, porroian.
Festaz beteriko asteburu batetik zetozen sanjuandarrak, baina horrek ez zien gelditu. Agian, ajea gainditzeko formula ederra dute: sardinak, ogia eta ardoa.
Hona hemen atzo HITZAk ateratako argazkiak:
Donibaneko santioak 2026. Datozen egunetako egitaraua.
Hilak 29, asteazkena
- 11:00: Pala txapelketa haur eta gazteentzat frontoian.
- 12:00: Aurpegi margotzea eta eskulanak Meipiko plazan.
- 13:30: Haurren bazkaria Meipiko plazan.
- 16:30: Arrantza txapelketa haur eta gazteentzat Bonantzan. Ondoren, askaria eta buruhandiak Santiago plazan.
- 18:00: Haur eta gazteentzat karabina txapelketa frontoian.
Hilak 30, osteguna
- 11:00: Haur eta nerabeen lasterketa Santiago plazatik hasita.
- 11:30: Ur jolasak Santiago plazan. Ondoren haurrentzako sokamuturra ur-zezenekin Errekatik plazara, eta apar festa Santiago plazan.
- 18:00: Oiartzungo dultzaineroek plaza eta herriko kaleak girotuko dituzte desafioa bitartean.
- 18:30: Donibane-Orio desafioa Santiago plazan.
- 21:00: Barrikotea Santiago plazan. Ondoren, Andoni Ollokiegi Santiago plazan.
- 23:00: Zezensuzkoa Santiago plazan.
- 23:30: DJ Jotatxo txosnetan.
- 23:30: Itzalpeko Laguna Santiago plazan.
Hilak 31, ostirala
- 07:15: Kalejira txosnetatik hasita Santiago plazaraino. Sokamuturrak dirauen bitartean Pasai txarangak giroa alaituko du.
- 07:15: Txokolate jana Santiago plazan, Eroskik emandako produktuekin.
- 08:00: Sokamuturra.
- 09:00: Itsas-diana Konstantzia bandarekin. Ondoren, herriko kaleetan ibiliko da Konstantzia.
- 11:00: Bateleren desfilea Meipitik, Konstantzia bandarekin.
- 12:15: Bateleren ontziratzea eta estropada. Ondoren, zortzikoa eta sari banaketa.
- 14:30: Bazkari herrikoia Santiago plazan.
- 18:00: Musika Santiago plazan.
- 21:00: Itsas Mendiren danborrada Bonantzatik aterako da Meipirantz.
- 22:30: Su-festa badian, Pasaiako jaiak bukatzeko. Ondoren, ikurrinaren jaitsiera Santiago plazan bateleren eskutik, Itsas Mendiren danborradak lagunduta.
