"Edozein momentutan gerta daiteke berriro suteren bat"
Mobilizazioa egin zuten herritarrek ostiralean Lezon, Pasaiako portuan izandako azken sutea salatzeko. Suteetatik harago, salatu zuten egunerokoan pairatzen dituztela herritarrek portuko jardunak eragindako kalteak.
Ostiraleko elkarretaratzearen irudi bat. Lezo eta Pasaiako herritarrak nazkatuta daude, “aski da” handi bat oihukatu zuten joan den ostiralean (hilak 21) Lezoko Herriko Plazan. Ostiral goizean Pasaiako portuan emandako sutea salatzera atera ziren herritarrak, amorruz beterik.
Ainhoa Intxaurrandieta izan zen ostiraleko mobilizazioan hitza hartu zuenetako bat. Harekin hitz egin du HITZAk. Azaldu duenez, Irlanadatik barku bat heldu zen portura ostiralean, “dagoen txatarra merkeenarekin”. “Lezoko kaia erabiltzen dute txatarra metatzeko gune bezala, bertan isurtzen dute aire librean. Prezioa igotzen denean saltzen dute, gerora, eta egon daiteke txatart hori hilabete luzez portuan”. Ondorioz, bertan dauden aldagai kutxakor horiek haizeak eramaten dituela Lezo, Pasaia eta Errenteria-Oreretara salatu du. “Euria egiten duenean euri hori kutxatu egiten da, eta gero itsasora doa”, erantsi du.
Horrez gain, txatar hori garraiatzen duten kamioiak “herri erditik” pasatzen direla salatu du Intxaurrandietak, eta zarate ere badela egunerokoan jasaten duten kalte handietako bat. “Kutsatzen da ingurunea, airea, lurra, gure birikak, herriko baratzeetako barazkiak… Dena kutsatzen da. Eta horrez gain, kutsadura akustikoa dago. Deskargekin hasten direnean inguruko etxeetako leihoak ezin dituzte irekita eduki. Nazkatuta gaude ja”.
2018ko sutea gogoarazi du Intxaurrandietak, baina tartean ere “sute txiki asko” egon direla aipatu du. “Ostiraleko suteaz gain, bi egun lehenago sute txiki bat egon zen, itzaltzea lortu zena. Baina hau da gure egunerokoa”.
“Ezin dugu onartu txatarra eta gai kutxakorrak izan daitezkeenak aire librean metatzea eta hor uztea ez dakit zenbat hilabetez norabait eramateko prezioen baitan. Horrelako operazio ekonomikoak egin behar badituzte, behintzat segurtasun neurriak har ditzatela. Aire librean ezin da deskargatu. Deskargatzeko momentu horretan ja partikula pila bat erortzen dira, bertan bizi garenok gure balkoi eta leihoetan egunero ikusi eta pairatu dezakegun bezala. Alternatiba asko daude, baina orain arte ez dute ezer egin. Pabiloi batzuk, toldo batzuk, aspiragailu batzuk partikualk jasotzeko… Ezin duguna onartu da aire librean egitea deskarga horiek”.
Horregatik guztiagatik “gure osasuna interes ekonomikoen gainetik jartzea” eskatu zuten ostiralekoan. “Urte asko pasatu dira 2018az geroztik eta ez dute ezer egin. Jaurlaritzak du eskumena gai honekin, eta berak derrigortu behar du portua teknika onenak erabil ditzan. Argi dago lurrean metatuta uztea ez dela teknika onena, ziur ezetz. Jarularitzak egin behar du kontrol, behaketa eta zuzentze lan bat”.
Ostirlaeko sutea eragin zuen barkuak oraindik deskargatu gabeko 100 tona dituela erantsi du, eta gaur zeregin horretan ari direla. “Gaur suhiltzaileak ari dira bertan, baina kontua ez da hori. Edozein momentutan berriro gerta daiteke suteren bat”.
Salaketa bat jartzeko lanean ari dira inguruko herritarrak, eta sinadura bilketa bati ekingo diote aurreratu du Intxaurrandietak. “Momentu puntualetan, suteak daudenean, lehertzen da gaia baina egunerokoan jasaten ditugu horrelako kontuak”. Mobilizazioei adi egoteko deia egin die herritarrei.
