Adierazpen instituzionala faxisten okupazioaren 90. urteurrenaren harira
Igandean, hilaren 13an, 90 urte beteko dira tropa faxistak Errenteria-Oreretara indarrez sartu zirela.
Jose Erbiti kalean egindako murala. Igandean, hilaren 13an, 90 urte beteko dira tropa faxistak Errenteria-Oreretara indarrez sartu zirela. Alfonso Beorlegi Canet coronel faxista zen tropen buru. Horrekin lotuta, adierazpen instituzionala egin du Errenteriako Udalak. Aranzadi elkartearen laguntzarekin egindako ikerketari erreferentzia egin dio udalak, “ikerketa lan horrek lagundu zigun gerran eta gerraostean gure herrian gertatutakoa dimentsionatzen”.
Jakitea, ezagutzea “ezinbestekoa” jo du udalak “gure iraganaren eta etorkizunaren jabe izateko”, eta ikerketa lana ezinbestekoa izan da bide horretan. Gertatutako giza eskubideen zapalketen biktimen egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea aitortu du udalak adierazpenean, eta gertatutakoa ikertzen eta ezagutzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du Kolpe militarra eta faxismoaren aurrean “legezkotasun demokratikoa, askatasunak eta euskal autogobernua” defendatu zuten guztien ekarpena oroitu eta balioan jarri du, halaber, baita gertaera haiek oraindik itxi ez diren zaurien minarekin bat egin du.
Gertatutako errepikatuko ez dela bermatzeko behar diren neurriak hartzeko konpromisoa ere berretsi du. Adierazpen instituzionalaren bidez gainera, bihar, larunbata, 10:45ean Herriko Plazan antolatu duen ekitaldira deitu ditu herritarrak; “gogoan izango ditugu ekitaldi horren bidez duela 90 urte bizi izandako ordena demokratikoaren suntsiketa eta horrek berarekin ekarritako eskubide urraketak eta pertsonen sufrimenduak, hori guztia gogoratu eta berriz ez gertatzeko gure udalerriaren konpromisoa berresteko”.
Adierazpena osorik irakurtzeko, egin klik hemen.
Kolpe militarra, okupazio faxista eta errepresioaren ondorioak udalerrian
- Garai hartan Errenterian bizi ziren 9.000 biztanleetatik, gudari eta milizianoen artean, guztira, 862 errenteriar joan ziren frentera, Errepublika eta euskal herritarren eskubide guztiak defendatzera.
- 99 gudari gerran hil ziren eta judizioz kanpoko 29 fusilamendu izan ziren.
- 274 pertsona epaitu zituzten gerra- kontseilu frankistetan; 20 heriotza-zigor ezarri zituzten eta 8 gauzatu ziren.
- Guztira, 35 udal langile kargugabetu zituzten. Udaleko 22 langileri espedientea zabaldu zitzaien, eta zenbait fusilatu egin zituzten.
- Irakasleak bota zituzten frankista bihurtu zuten eskolatik; irakaskuntza nazionalkatolikoa nagusi.
zuen ezaugarri - 154 haur atzerrian errefuxiatu eta beren familiengandik bereizi zituzten, hainbat kasutan, urte luzez.
- Errenteriako biztanleen erdiak ihes egin behar izan zuen.
- Era berean, ehunka preso egon ziren baldintza prekario eta penagarrietan espetxe frankistetan eta «Langileen Batailoietan».
