




Iker Oliveri hondarribiarrak bigarren postuan bukatu zuen atzo Fortuna elkarteak laugarrenez antolatutako Donostia-Hondarribia Talaia Trail lasterketa. Erlaitz elkarteko mugalariak 2 ordu 15 minutu eta 18 segundo behar izan zituen 31 kilometroko mendi lasterketa burutzeko. Nesketan irundarrak izan ziren Oarso Bidasoko azkarrenak.

Gainezka egin zuen ostiralean Bekoerrotak Allerruren 50. urteurrenaren ospakizunaren harira. Sutargi, Aiton Borda, Atzeko Ate eta Parrokiko abesbatzek bat egin zuten eta haiek zabaldu zuten urteurrena ospatzeko ekitaldi ofiziala. Harmailak beterik, txaloka jarraitu zuten ikusleek Allerruren himnoa jo eta abestu zutenean. Lezoarrekin batera izan ziren Errealeko jokalari Elustondo eta Canales, Gipuzkoako Futbol Federazioko Presidentea Juan Luis Larrea,bertako idazkaria, Patxi Gabilondo, eta udalaren izenean Ainhoa Zabalo alkatea eta Mikel Arruti zinegotzia. Ekitaldiaren barruan Allerruren ekipazio berria eta taldearen ikur berria ere aurkeztu zituzten. Allerruren lehen garaietara jo zuten, bestalde, Lezoko elkartearen historia egiteko. Ondoko bideoan Manchester City taldeko jokalariak agertzen dira, Allerru zoriontzen. http://youtu.be/WiVye28xono

Hondarribiko VIII. Rallysprinta jokatzen ari dira une hauetan. Orotara, 71 auto ari dira bertan parte hartzen. Eguraldia ez da gidarien lagun izaten ari, euria ari duelako eta hainbat tramo arriskutsu daudelako, bihurguneak batik bat. http://youtu.be/hOYni0C5JF0