
Igande honetan, hilak 27, ospatuko dute Bizarainen (San Marko) San Marko Eguna. Goizean goiz, kirola izango da protagonista, EAT Errenteriako Atletismo Taldearen eskutik, San Markorako Igoera egingo baitute. 09:30ean aterako dira korrikalariak, eta 11,5 kilometroko ibilbidea izango dute aurretik, eta 600 metroko desnibela. Oraindik izena emateko aukera dago www.atleticorenteria.com webgunean.

Emak bakia film luze abangoardista proiektatuko dute gaur, asteazkena, Itsas Etxea Auditoriumean, 20:30ean. Oskar Alegriak zuzendutako lana da eta egileak berak egingo du aurkezpena, pelikula hasi aurretik. Sarrerak 2 euro balio du.

Hondarribiko Herri Olinpiadek webgunea estreinatu dute aste santuan. Bertan, olinpiadei buruzko informazio osoa azaltzen da, antolatzaileek beraiek sortutakoa nahiz kanpotik jasotakoa. HITZAk jarraipen berezia eskaini die garai berriko lehen olinpiada herrikoiei eta lan hori nabarmendu dute webgune berrian, HITZAren olinpiadetako atal berezira lotura eginez.



Iñigo Cervantes tenislariak Bartzelonako Conde de Godo txapelketako final zortzirenetarako sailkatu da, bigarren errondan Dimitri Tursonov errusiarra gainditu eta gero (7-5, 0-6 eta 6-3). Urte eta erdi pistetatik kanpo egon eta gero iritsi da hondarribiarraren lorpena.
