Amaia Serranok Irakurle Taldea bisitatuko du, 1936ko Gerraz aritzeko
Xabier Montoiaren 'Golgota' liburuaren harira gonbidatu dute. 1936ko Gerra da liburuaren ardatza, eta Serranok gerra hark literaturan duen presentzia azalduko du.
Oiartzungo Irakurle Taldeko kideek Xabier Montoiak idatzitako Golgota (Elkar, 2018) eleberria irakurri behar dute datorren astearterako. Liburua 1936ko Gerran —eta ondorengo urteetan— dago kokatuta, eta Nafarroako hegoaldeko familia errepublikazale bat da protagonista.
Gai horri buruz gehiago jakiteko, Amaia Serranok bisita egingo die Manuel Lekuona bibliotekara, datorren asteartean bertan. 20:00etan hasiko da Irakurketa Taldearen saio hori, oraingo honetan berezia izango dena.
Amaia Serrano doktorea da EHUtik, 1936ko gerra eta fikzioa tesiarekin.
Liburua irakurri eta tertuliara batu nahi duenak bibliotekako sarreran jaso dezake informazio gehiago.