"Biktimak ahaztu, azpiratu, eta etekin politikoa ateratzeko nahia nola gailendu den ikustea bereziki gogorra zait"
Azken egunotan argitara atera diren indarkeria matxistarekin lotutako auzien gainean udalaren kudeaketa jo mugan jarri dutela eta, agerraldia egin du Errenteriako Udalak. Biktimak erdian jartzera deitu du, eta mugimendu feministaren lana aitortu eta eskertu, "askoren erreferentziazko babesleku delako".
Aizpea OAtegi alkatea, Itsaso cruz berdintasun zinegotzia, Bernar Lemos alkate ordea, Maite Gartzia Bigarren alkate ordea, eta Leire Mazizior Hizkunzta Politika zinegotziarekin batera gaurko agerraldian. Azken egunetan argitara atera diren Xenpelar Bertso Eskolako kide batek eta Kukai Dantzako zuzendari Jon Mayak egindako eraso matxisten harira, udalak egin duen kudeaketa auzitan jarri dute PPk eta PSE-EEk alderdiek. Bide beretik, kanpo auditoria bat eskatu du kasu horien gaineko kudeaketa egokia izan ote den azter dezan EAJk. Kudeaketa horren gainean mintzatu da gaur goizean Aizpea Otaegi alkatea.
Biktimak erdigunean jarri ditu Otaegik gaurko agerraldian behin eta berriz, “haien nahien eta beharren errespetua, eta konfidentzialtasuna” ezinbestekotzat joz, baita mugimendu feministaren lana eskertu ere, “emakume askoren erreferentziazko babesleku delako”.
Xehe eman du auzi batean zein bestean udalak egin duen kudeaketa, urratsez urrats, eta azaldu zergatik egin duten horrela. Xenpelar Bertso Eskolako kide batek egindako erasoak izan ditu hizpide lehenik, eta gogorarazi, erasoen berri izan bezain pronto hartu zituela erabakiak udalak: “Maiatzean bertan izan dugu eraso matxisten berri, eta eskolaren jarduera bertan behera uztea erabaki zuen udalak eta publiko egin, gertaera guztiak irmoki gaitzetsiz, eta biktimekiko erabateko elkartasuna adieraziz”. Udal zerbitzua da bertso eskola, Xenpelar Bertso Eskolak kudeatzen duena lizitazio publiko bidez, eta erasoen berri izan bezain pronto, eta publiko egin bezperan, joan den asteazkenean bertan, ikasleen gurasoekin bilera egin zuen udalak. Udal ordezkariak izan zirela saio horretan azaldu du Otaegik, eta haiekin batera, indarkeria matxistan adituan den profesional bat aritu zela. Halaber, udalak eskura dituen bitarteko guztiak jarriko dituela biktima, biktimen kide eta gurasoak ahalik eta ongien artatu eta akonpainatzeko jakinarazi zitzaiela gurasoei bilera horretan azaldu du.
Xenpelar Bertso Eskolarekin lotutako salaketen berri maiatzean izan zuela udalak nabarmendu du berriro alkateak, “biktimek egoera salatzeko urratsa egin eta mugimendu feministari eta Bertsozale Elkarteari jakinarazi diotenean”. Gaiarekin lotuta, kudeaketa zail eta konplexua dutela aurretik aitortu du: “Gertatutakoa zehatzago ezagutzeko eta eskolaren bueltako gazte eta guraso horiei eragin zaien mina osatzeko laguntzeko behar diren prozedurak martxan jartzea, behar duten laguntza eta babesa eskainiz, sentitu duten babesgabetasuna eta zaurgarritasunaren aurrean, konfiantza berreskuratzeko bidea eginez”.
Kukai eta Jon Maya auzia
Xenpelar Bertso Eskolarena plaza publikora aterata, Jon Mayarekin lotutako eraso matxisten auzia ere azaleratu da. Xenpelar Bertso Eskolaren bueltan adierazpenak egina bazen udala, Mayaren auziarekin lotuta, gaur, lehenengoz egin dituela adierazpenak udalak jarri du nabarmen. Azaldu du ere zergatik ez dituen udalak orain arte horren gaineko adierazpenak egin, “lehentasuna biktimak babestea eta haien borondatea errespetatzea izan delako”. Gaur lehenengoz, auzi horretan udalak egin duen kudeaketaren kronologia eskaini du, zehatza, udal agintariak, adierazita gaiaren kudeaketa gidatu duen konfidentzialtasun printzipio haustera zihoazela.
Hala, 2024ko abenduan izan zuela gaiaren berri azaldu du. Kanal informalen bidez izan zuen udalak Jon Mayaren kontrako salaketen berri. Berdintasun zinegotziak eta alkateak berak jaso zituzten testigantza horiek, “hasieran salaketaren bat ote zegoen, ondoren Mugimendu Feministak hainbat biktimen testigantzen jasoketa lana eginda zuela”. Berehala jarri zen udala Kukairekin harremanetan, “baita indarkeria matxistan aditua den talde profesional batekin ere, erakunde publiko gisa egoeraren kudeaketa ahalik eta egokiena egiteko, eta erabakietan adituen begirada bermatzeko”. Argi esan du, “salatutakoak ez dira onargarriak eta administrazio publiko gisa ezin ditugu ez onartu, ez babestu”.
Argitu du Kukaik ez duela udalaren zerbitzu propiorik kudeatzen, “udalaren konpainia egoiliarra da, egoitza eta lanerako espazio udal lokaletan du, herriko beste eragile askok bezala, euren lana babestu eta sostengatzeko”.
Kukairekin harremanetan jarrita, konpainiak hainbat erabaki helarazi zizkiola udalari gaineratu du: Jon Mayak salaketak onartu zituen; bere jarduera publikoa eten zuen; eta bere jokabideen inguruko errebisio kritikoa egiteko ardura hartzeko prozesua abiatu zuen. Kukairen ordezkaritza legala eta udalarekiko solaskidetza ere aldatu zituen konpainiak, lehendakariaren gain utziz: “Gaiari arduraz heldu ziotela Kukaik eta Mayak ulertu zuen udalak orduan. Biktimen nahia errespetatzeko hautua egin zutela eta biktimek adierazi duten borondate ez punitibista eta bai erreparatzailea egin daitekeela”. Hori horrela, Maya eremu publikotik apartatuta, eta Kukai konpainiaren jarduna bereiziz, hitzarmena eta diru laguntza izenduna mantentzea erabaki zuen udalak, “urtero bezala 53.600 euro jaso eta ohiko emanaldiak egin ditu herrian 2025ean”.
2025eko azaroaren 18an, baina, Berdintasun zinegotziak, alkateak eta Kukairen lehendakariak egindako bileran, Kukaik eta Jon Mayak aurtengo otsailean ohiko jarduera berreskuratzeko asmoa zutela iragarri zioten udalari, “otsailean emango zigutela horren berri formalki konpainiatik esaten digu Kukairen ordezkariak orduan. Bilera egin eta informazio zehatza jaso arte udalaren eta Kukairen arteko 2026ko harremana izoztea erabaki zuen udalak. Ulertu baikenuen, informazio hori guztia jasotzea garrantzitsua zela harreman berria zein irizpide eta bermeren gainean eraikiko zen erabakitzeko, baldin eta salatuak zian diren moduko jokabideak gehiago gerta ez daitezen ekidin behar badugu”.
Adostutako bidea hautsi
Aurtengo apirilaren 11n egin zuten bilera hori, udalak eskatuta, eta 2025ean zehar “oso printzipio sendoen gainean” eraikitako prozesutik aldentzen hasi zirela esan du Otaegik. Bi mugarri aipatu ditu: Jon Maya jarduera publikora itzultzen da; eta, Kukairen Gidaritza Taldeko kide batek izenpetuta, ohar bat zabaltzen da, ordura arteko printzipio guztiak auzitan jartzen dituena. Krisia zabaldu zuen horrek udalaren eta Kukairen artean, argi adierazi du alkateak, “prozesuari eta konfiantzari dagokionez. Krisi horretatik ateratzeko modu bakarra, prozesura itzultzea da”. Hori egiteko gakoa beste behin ere eman du Otaegik, “biktimei dagokien zentralitatea ematea”. Kukairekiko harremanak, izoztuta jarraitzen du.
Udalak egindako kudeaketarengatik jasotako kritiken atalera igaro da alkatea puntu horretan. Azaldu du gardentasun falta egotzi zaiola udalari, herriko enblema bat suntsitu nahi izatea, Bertso Eskola eta Kukairen auzien kudeaketan ezberdin jokatzea, “Jon Maya babestu izan nahi dugula iradoki…”. Horiei guztiei eskaera bat egin die gaurko agerraldian Otaegik: “Erakuts dezagun zerbait ikasi dugula. Jo dezagun bi auzi hauen muinean zaindu behar den horretara: biktimak eta euren nahia”. Enegarrenez esan du agerraldian alkateak, zentralitatea biktimei eman behar zaiela, haien beharrak eta nahiak erdian jarri behar direla. “Gainerako guztien interes partikular askotarikoak soberan daude, oposizioarenak barne. Soberan daude. Eta soberan daude ez diotelako batere onurarik egiten biktimen erreparazio prozesuari; ezta indarkeria matxistaren aurkako borrokari ere”.
Askotariko eskaerak entzun behar izan dituela azken egunetan ere jarri du mahai gainean udal agintariak udalean ordezkaritza duten alderdien ahotik: “PPk nire dimisioa eskatu du; PSE-EEk ez ohiko batzorde bat eta hainbat arduradun politiko eta eragileren agerraldia. Biek gardentasun falta leporatu digute. Biak biktimen alde, baina biktimarik gabe, eta biktimen gainetik. Biak gaia publikoki hauspotuz. Muzin eginez biktimek eta ondorioz Gobernu Taldeak informazio guztia oposizioko alderdiekin partekatu zuenean egindako konfidentzialtasun eskaerari”.
EAJri ere aipamena egin dio Otaegik. Azken horrek, udal jardunaren kanpo auditoria eskatu du. Horren aurrean, prestutasun osoa adierazi du Otaegik horrelako auzien udal kudeaketa hobetzeko, ikasgaiak ateratzeko, lagungarri izan daitekeen edozein prozesuren alde, “beti ere jarduteko ikuspegi feminista, eta zorroztasun profesional eta teknikoa lehenesten badira”.
Mugimendu Feministak apirilean zabaldutako oharrean Jon Mayaren auziaren publikotasunaren gainean esandakoa bere egin du alkateak gaurko agerraldian, “plazan nork zainduko ditu zaindu beharrekoak? Nola erreparatu plaza publikoan errespetuz, mimoz, eta diskrezioz zaindua izan behar duena?”. Galdera hori dela gakoa esan du. Berriro, biktimak, emakume horien beharrak eta nahiak, erdi-erdian.
Etekin politikoa
Gertaeren gogortasunak eraginda, eta horietatik etekin politikoa atera nahi izateak eragindako minak hunkituta mintzatu da Otaegi, eta aitortu du, zazpi urtetako alkate ibilbidean gauza asko ikusi, bizi eta kudeatzea tokatu zaiola, “baina herriarentzat hain gordinak eta mingarriak diren bi auzi hauen aurrean, biktimak ahaztu, azpiratu eta etekin politikoa ateratzeko nahia nola gailendu den ikustea bereziki gogorra zait”.
Euren lehentasuna beti “biktimen segurtasuna eta ongizatea” izango dela gaineratu du, “beti jarriko ditugu erdigunean, euren eskaerak eta erritmoak”. Emakumeen kontrako indarkeriak eta indarkeria sexistak ez dutela lekurik; kasu batean zein bestean salatu diren erasoak gaitzetsi nahi dituztela; eta babes osoa adierazi nahi dietela eraso horien biktima izan diren emakume eta Bertso Eskolaren kasuan neska gazteei, baita inguruko eta familiei ere gaineratu du Otaegik.
Bukatzeko esker mezu bikoitza alkateak: “Eskerrak salatzeko ausardia izan duten emakumeei. Ez ditzagun damuarazi. Eta eskerrak, Mugimendu Feministari, emakume askoren erreferentziazko babesleku delako”.
