Portuko suteari buruzko informazio zehatza eskatu du EH Bilduk
Eskaeraren helburua da sutearen arrazoiak argitzea, ondorioak ezagutzea eta herritarren segurtasuna eta ingurumenaren babesa bermatuko duten neurriak eskatzea.
EH Bilduk Pasaiako portuko suteari buruzko informazio zehatza eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Eskaeraren helburua da sutearen arrazoiak argitzea, ondorioak ezagutzea eta herritarren segurtasuna eta ingurumenaren babesa bermatuko duten neurriak eskatzea. Koalizio subiranistaren xedea da zuzenean ezagutzea zerk piztu zuen sua hilaren 21ean, zer egin zen iraun zuen bitartean eta ondoren, eta zein neurri hartu diren horrelako gertaera bat berriro ez gertatzeko.
EH Bilduren arabera, suteak agerian utzi du “berriro ere prebentzio, segurtasun eta ingurumen babeseko neurriak indartu behar direla badiaren bihotzean eta hirigunez inguratuta dagoen azpiegitura batean”. Ondorioak, gainera, soilik portu eremura mugatzen ez direla adierazi du alderdi subiranistak: “Zuzenean eragiten diete Pasaiako eta inguruko udalerrietako milaka biztanleri. Kearekin, ziurgabetasunarekin eta suteak eragindako eragozpenekin bizi behar izan zuten, bai eta horiek osasunean eta ingurumenean izan zitzaketen ondorioen inguruko kezkarekin ere”.
Hori dela eta, EH Bilduk ezinbestekotzat jo du zehatz-mehatz jakitea zein material egon ziren sutean inplikatuta, zein izan ziren kausak, zein arrisku sortu zituen herritarrentzat eta ingurumenarentzat, zein larrialdi protokolo aktibatu ziren eta nahikoak izan ote ziren, eta zein neurri planteatzen diren etorkizuneko gertakarien prebentzioa eta erantzuna hobetzeko.
Gardentasuna eta prebentzioa
“Herritarrek eskubidea dute jakiteko zer gertatu zen, zer arrisku egon ziren eta zer neurri hartuko diren antzeko egoera bat berriro ez gertatzeko”, adierazi du EH Bilduk. Bide horretan, koalizioak eskumena duten administrazioei gardentasunez jokatzeko eta sutearen gaineko informazio guztia emateko eskatu die. “Ezin dugu normalizatu horrelako gertakari bat badian bertan eta milaka bizilagunez inguratuta dagoen azpiegitura batean gertatzea”.
Bereziki garrantzitsutzat jo dute portuaren kudeaketan inplikatuta dauden erakundeen eta badiako udalerrien arteko koordinazioa indartzea: “Segurtasuna eta ingurumen babesa ezin dira modu isolatuan jorratu portu esparruan garatutako jarduerek hiri ingurunean zuzeneko eragina dutenean”.
Jarduerak kontrolpean
Suteak EH Bilduk urte luzez mahaiaren gainean jarri duen gai bat azaleratu duela baietsi du alderdi subiranistak: “Pasaiako portuan egiten ari diren jardueren egoera administratiboari, ingurumenari eta segurtasunari modu integralean heltzeko beharra”.
“Ezin dugu beste gertaera bat izan arte itxaron. Beharrezkoa da jakitea ea dauden jarduera eta instalazio guztiek dagozkien ingurumen baimenak eta gaikuntza tituluak dituzten, ezarritako baldintzak betetzen dituzten, eta ea kontrolak eta prebentzio neurriak nahikoak diren herritarren segurtasuna eta ingurumenaren babesa bermatzeko”, zehaztu du EH Bilduk.
Arlo horretan, Eusko Jaurlaritzak ingurumen eskumen “garrantzitsuak” dituela eta horiek “arduraz” baliatu behar dituela nabarmendu du koalizioak. “Autonomia erkidegoen eskumeneko ingurumen baimena behar duten jarduerek baldintza jakin batzuk bete behar dituzte, hain zuzen ere, ingurumenean eta osasunean izan ditzaketen ondorioan prebenitzeko eta kontrolatzeko”.
Hori dela eta, EH Bildurentzat “ezinbestekoa” da Eusko Jaurlaritzak bere eskumenak erabat gauzatzea eta beste alde batera begiratzeari uztea: “Pasaiako, Lezoko eta badia osoko biztanleen segurtasuna ezin da egon administrazio bakoitzak bere aldetik jardutearen mende, eta ezin da ziurgabetasunik egon portuko jarduera jakin batzuk garatzeko baldintzei buruz”.
“Suteak inflexio puntu gisa balio behar du”, esan du EH Bilduk, eta jarraitu du: “Jakin nahi dugu zer baimen dauden, zer kontrol eta ikuskapen egin diren, zer ez-betetze detektatu diren, zer neurri zuzentzaile eskatu diren eta zer egingo duen Eusko Jaurlaritzak portuko jarduerek eska daitezkeen ingurumen eta segurtasun baldintzak betetzen dituztela bermatzeko”.
Gobernantza eredua
EH Bilduk gogorarazi du urteak daramatzala “Pasaiako portuaren gobernantza eredu berri baterantz aurrera egiteko beharra defendatzen, badiako udalerriak eta azpiegitura horrekin egunero bizi diren herritarrak kontuan hartuta”. Koalizioaren arabera, suteak erakutsi du portuaren kudeaketa ezin dela “inguruko herriei bizkarra emanda egin”.
“Kontua ez da soilik sutearen egunean zer gertatu zen jakitea. Kontua da gertatutakoa aztertzea, egon daitezkeen gabeziak identifikatzea eta badiako biztanleria etorkizunean hobeto babestua egon dadin beharrezkoak diren neurriak hartzea”, adierazi du alderdi subiranistak.
Eusko Jaurlaritzan egindako eskaerarekin erantzunak nahi ditu EH Bilduk, “batez ere, segurtasun protokoloak indartzeko, suteen eta bestelako istripuen prebentzioa hobetzeko, erantzun azkarra eta koordinatua bermatzeko eta portu jarduerak herritarrengan eta ingurumenean duen eragina minimizatzeko neurri zehatzak bultzatzeko”.
Administrazio guztiei dagozkien eskumenak gauzatzeko eskatu die EH Bilduk, “segurtasuna, pertsonen osasuna eta gure ingurunearen babesa beste edozein interesen gainetik egon dadin”. “Sutea ezin da gertaera isolatu batean geratu. Mugarri bat markatu behar du, Pasaiako portuko segurtasunari, industria jarduerari eta ingurumen babesari heltzeko”, bukatu du alderdi subiranistak.
