Garbiñe Aizkorreta: «Betidanik egoera zaila izan da, baina datorrena are okerragoa da»
Oarsoaldeko dendarien errealitatea ezagutzeko inkesta egin du HITZAk. Lezoko Garbiñe arrandegiko langileak galdera sorta bat erantzun du.
Saltoki handi eta plataforma digitalen aurrean, nola ari zarete aurre egiten egunerokoari?
Jende asko herri barruan ari da erosketak egiten, nahiz eta askok supermerkatuetara jo duten. Lehengo astean nabaritu nuen jendea nahiko urduri zegoela, eta ni ere pixka bat gaindituta ibili nintzen. Zerbitzua ahalik eta hobekien ematen saiatzen ari naiz. Egun hauetan errutinatik kanpoko jende asko etorri zait, ongi etorriak dira denak. Konturatzen ari dira herri txikietan ere badagoela erosteko aukera berbera.
Ohikoa baino lan handiagoa duzue azken egunotan?
Lan askorekin nabil. Hasiera batean beldurtuta nengoen, ez genekien aukera izango genuenik irekitzeko. Lasai ari gara, errespetuz. Baina egia da lana presiopean egiten dugula, eta salmenta aldetik lan gehiago dut. Egia da haur eta gurasoak etxean daudela bazkari eta afari guztiak egiten, eta horrek salmentetan eragina izan du. Lana ere handitu da, heren bat gehiago ari naiz egiten egunero. Ordutegia ere pixka bat luzatu behar izan dut. Ilarengatik lana ezin dugu hain azkar egin, eta denbora gehiago behar dugu. 14:00ak arte zabalik dut arrandegia.
Denak etxean dauden bitartean, zuek lanean ari zarete. Nola ari zarete egoera bizitzen?
Hori da okerren daramadana. Nik etxean senarra eta bi haur dauzkat, eta lehen egunetik etxetik atera gabe daude. Ni, berriz, joan eta etorriak egiten nabil. Ateratzean lasai nago, baina bueltatzean kezka horrekin heltzen naiz etxera, ea birusa harrapatu dugun ala ez. Beraiek kezkatuak daude nigatik. Okerren hori daramat. Baina tira, egunerokoari aurre egiten diot, egunero begiratzen dut ea sukarra dudan eta gomendio guztiak betetzen ari naiz. Momentuz lanean jarraitu beharko dut, azkenean zerbitzu bat eskaini behar diegulako bezeroei. Ahal dudan bitartean hemen jarraituko dut, ahal dudan guztian laguntzen.
Osasun neurriak egokitzeko beharrezko laguntza jaso duzue?
Udaletik nirekin harremanetan jarri dira, ea zerbait behar nuen jakiteko. Baina lehenengo egunetik metro eta erdiko distantzia hori jarri dut. Nik ere bezeroekin distantzia berbera ezarri dut. Egun osoan eskularruekin egiten dut lan, eta egunero, goitik behera desinfektatzen dut arrandegia. Ordaintzeko garaian, gehienek, %99ak, txartelarekin ordaintzen dute. Eta horretarako ere une oro datafonoa garbitzen ibiltzen naiz.
Etorkizuna, nola ikusten duzue?
Arrandegi bezala pentsatzen dut poliki-poliki berriz ere normaltasunera itzuliko garela salmenta aldetik. Ni lanean nago, baina etxean lanik gabe dauden horiek beldurtuta daude, ea berriz irekitzeko aukera izango duten kezkati daude. Ez dakigu zer datorkigun egia esan, baina honek eragin handia izango du merkataritza txikian. Ea lehenbailehen itzultzen garen lehengo egoerara. Herriko dendarien egoera beti zaila izan bada, datorrena are eta okerragoa izango dela ziur nago. Orain, osasun aldetik arazoa konpondu behar dugu, eta gero, berriz ere herriko ekonomia indartzea tokatuko zaigu denoi. Horretarako, herriko dendetan erosi behar dugu.